IRATI FILMA ETA MARI JAINKOSA

Ekainean Irati filmaren proiekzioak eman zituzten Iparralde osoan barna. Paul Urkijo dugu filmaren zuzendaria eta aktoreen artean Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño ditugu. Euskal historian eta mitologian oinarritu filma dugu, eta irudimenak, fantasiak eta magiak toki handia hartzen dute bere kontakizunetan. Euskal Herri osoan arrakasta handi-handia atzeman du, eta Iparraldeko herrietan ere bai. Aipatu filmak euskal iragan magiko-mitikoaren berri eman nahi digu, eta fantasiazko osagaiak sartuz, gogoan duen xedeari ontsa heltzen diola iduritzen zait niri; eta gainera ikusgarritasun eta zirrara handiak sortarazten dizkiolakoan nago. Film bikaina, zinez!

Film honek Iparraldeko euskaldunei zer pentsa eragin die, eta gogoeta ainitz sortu dizkie. Ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan, elkarteetan, euskal txokoetan eta baita diasporako euskal etxeetan ere, filmaz eta euskal animismo zaharraz mintzatzeko guneak edo foroak egin dituzte, eta horretan ikertzen, sakontzen eta partekatzen ari dira. Niri, bospasei tokitatik idatzi edo dei egin didate informazioa eskatuz. Batez ere, Mari jainkosaz galdetzen dute: Noiztik da Mari? Zer erran nahi du? Nolakoa da? Hori dela eta argitasun pixka bat eman nahian, oraingo azalpena egin dut. Horratx!

Gai zahar hauek, sinesmen arlokoak, batez ere, oso lotuak daude teorien munduarekin, eta horrela hartu behar ditugu gogoeta eta hedapena egiteko tenorean.

Iduriz, Paleolitoaren azken erdialdean eta Neolitoan, mendebaldeko Europa populatzen zuen herri zaharrak, gaur alemaniar genetistek protoeuskoa edo protoeuskalduna deitu duten horrek, bazuen sinesmen animista bat, izadiarekin, eta batez ere, amalurrarekin lotua zena. Haien hizkuntza, genetistek protoeuskara deitzen dutena, desagertua da aspalditik, baina toponimian eta hidronimian lekukotasun eta arrasto ugari utzi ditu europar luze-zabal osoan. Euskara litzateke, protoeuskararen adar bat, ziur aski, gaur egun bizirik den bakarra.

Herri horrek lurra gurtzen zuen, eguzkiaren eta ilargiaren ama baitzen, baita izadian diren elementu guztiena ere, gizakiak barne.

Amatasuna, emetasuna eta emankortasuna ziren sinesmen animista zahar haren ezaugarri nagusiak, eta Europan barne biziki zabaldua zen. Lurrari ama deitzen zioten, amalurra edo lurrama, eta Mari edo Maia zen lurraren pertsonifikazioa.

Badirudi, Mari lehen Amari edo Ama(r)ia zela, eta denborarekin aitzineko A hori galdu zela Mari, Ma(r)ia geldituz. Bi izenek gauza bera erran nahi omen dute, hau da, ama izateko edo egiteko ahalmena duena, eta lotuak daude lurraren amatasun, emetasun eta emankortasunarekin. –RI atzizkia oso erabilia da euskaraz; adibidez: emari, ernari, dantzari, kantari…

Ama-jainkosa hori oso zabalduta egon zen Europa guztian, eta gaur venus paleolitiko eta neolitiko deitzen ditugun emazte itxurako estatua ttipi horiek kultu horren berri ematen digute. Gure toponimian maiz agertzen da ama hitza, amalurrarekin edo Marirekin izandako kultu zaharraren aztarna gisa: Iturrama, Lezama, Beizama, Arama, Arakama, Elama, Ultzama, Amaiur (Maia ere deitua), Amaia…

Herri protoeusko aitzin-indoeuropar hori desagertu zen, emeki-emeki, indoeuropar oldarraldien ondorioz, baina zenbait gauza gelditu ziren europar populazioaren oroimen kolektiboan, horietako bat dugu Mari jainkosaren oroitzapena. Horregatik, erromatar inperioaren erlijio berria, hau da, giristino sinesmena, Europan zabaldu zutelarik, kultu zaharraren elementu ainitz oraindik bizirik zeuden, eta sinesmen berria hobeto zabaltzeko eta inposatzeko sinkretismo bati ekin zioten. Adibidez: neguburuko Eguberri (Eguzki berriaren eguna) Jesus haurraren natibitate eguna izatera pasatu zen, udaburuko Eki Eguna Donibane Eguna izatera pasatu zen, eta Mari europar jainkosa zaharra Jesukristoren ama (Biblian Miriam deitzen dena) izatera pasatu zen, hau da Maria (garai zaharragoetan Amaria zena) izatera. Izen animista zaharraz nagusitu ziren, Bibliako izen zaharra –Miriam- aldatuz, sinesmen berria Europan errazago hedatzeko asmoz.

Euskaldunen artean Mariren oroitzapena beti izan da bizirik gure sinesmen zaharretan eta kontakizunetan. Mendietako leize-zuloetan bizi omen da (Anboto, Putterri, Larrunarri, Gorbeia, Jaizkibel, Larrun, Orri, Auñamendi…. euskal mendi guztietan) Eta bi marro edo aharik tiratzen duten suzko orga batean mugitzen da zeruetan barna. Eskuan suzko igitaia darama, eta tresna horrekin zeruak irekitzen ditu euria sortuz. Marik ematen die laminei urrezko orrazia, adats luze horailak etengabean orraz ditzaten.

Mariren senarra Sugaar edo Maddu da. Ekaitzetako jauna eta tximistak edo ihurtziriak igortzen dituena. Badituzte bi seme: Atarrabi eta Mikelats, lehena ongilea, bigarrena, berriz, gaizkina.

Apaiz eta agintari giristinoak Mariren sinesmen eta kontakizun zaharrak desagerrarazten saiatu ziren, behin eta berriz, kontakizun zaharrak aldatuz eta Jesukristorekin lotuz, eta Mariren tenpluak edo gurtze-tokiak ziren lekuetan, Ama Birjinaren ohorezko elizak eraikiz. Giristino eliza zahar ainitzetan, indusketak eginez gero, hor agertzen dira euskaldun zaharren kultu animistaren aztarnak.

Gaurko mundu materialista eta kontsumista honetan, Mari dugu garai zahar bateko izpiritualtasun animista eta askearen irudia, amalurraren golkora, hau da, izadiaren errespetura deitzen gaituena.