IKASTAROA: JOSE MIGEL BARANDIARANEN EKARPENA

 

Jose Migel Barandiaranen ekarpena

Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara

 

Ataunen ospatuko da, irailak 7an eta 8an

 

ARGIBIDE OROKORRA:

https://www.uik.eus/eu/jarduera/jose-migel-barandiaranen-ekarpena-arkeologia-etnografia-euskal-mitologiara

 

Azalpena

Jose Migel Barandiaranek bere bizitzan ikerketa lerro nagusi hauek landu zituen: Arkeologia, Etnografia/Antropologia Kulturala eta Mitologia. Euskal Herriko hainbat herritan egindako landa-lanei esker XX. mendearen lehenengo erdi aldean baserrietan bizi zen giroa ezagutu ahal dugu (familiaren ezaugarriak, janariak, lan-motak, baserriko lanak eta tresnak, ohiturak, festak, etab.) eta gainera, oraindik tarteka-tarteka eskualde batzuetan berreskuratu zitezkeen mito, elezahar, ipuin, etab. Bestalde, mendietan aurkitu zituzten trikuharri eta kobetan egindako lanei esker gaur egun ezagutzen ditugun historiaurrearen oinarriak jarri ahal izan zituen.

 

Helburua

Ikastaro honetan XX mendean Euskal Herriak eduki duen ikertzaile garrantzitsuenetakora hurbilduko dira hizlariak. Bertan J.M. Barandiaranen landa-ikerketak, obra eta pentsamendua arakatuko dira eta euskal kulturaren ezagutzan eta gizartean izan zuen eragina.

 

 

 

 

 

  

Ikastaro zuzendaria

Jose Antonio Mujika

(Beasain, 1957) Doktorea Historian eta UPV/EHUko Gasteizko Letretako Fakultateko Irakasle Titularra. Aranzadi Z. Elkarteko kidea eta UZEIn ere ibilia arkeologia/historiaurrerako euskarazko hiztegia lantzen. Ikerketa-lerro ezberdinak garatu ditu: Euskal Herriko aztarnategietan aurkitutako historiaurreko tresneria, hezurkizkoa (Isturitz, Urtiaga, Santimamiñe, Santa Catalina, Arenaza, etab.) eta harrizko (Praileaitz I, Herriko Barra, etab.). Landa-lana (miaketak, indusketak) Goierriko megalitotan egin du (trikuharrietan -Trikuaizti, Zorroztarri, Praalata, etab.-, harkutxetan -Aitxu, Atxurbi-, eta baratze edo harrespiletan -Ondarre, Beaskin-), eta baita Arabako Errioxako sarbidedun trikuharrietan ere, J. Fernandez Erasorekin lankidetzan. Deba inguruko hainbat kobetako indusketak (Astigarraga, Aizkoltxo, etab.) egin edo aztertu ditu (Praileaitz I) lankidetzan X. Peñalverrekin eta S. San Joserekin. Proiektu lehiakor nazional publikoko kide ere izan da eta baita zuzendaria ere. Azken urteetan, Aralarrek, Neolitotik aurrera eta garai historikoetan, mendi inguruak izan duen erabilera edo kudeaketa arkeologikoki aztertzen ari da beste ikerlari batzuekin. Bere argitalpen batzuk aurkitu daitezke esteka honetan:

https://dialnet.unirioja.es/buscar/documentos?querysDismax.DOCUMENTAL_TODO=jose+antonio+mujika