EUSKALDUNAK ETA GUANTXEAK

Euskaldunak eta guantxeak, guantxeak eta euskaldunak, bi herri zahar, bi kultura eta bi mintzaira zahar. Euskaldunak Europan, guantxeak Afrikako kostaldeko Kanariar Uharteetan. Bi herri zahar hauen jatorria antzinatearen iluntasunetan galtzen da, teoriak izan badira, baina beti hipotesien arlo labaingarrian mugitzen direnak. Eta izan dira bi herri hauek lotzen, modu batean edo bestean, aztertu eta idatzi duten ikerlariak. Nik artikulu honetan, labur bada ere, Louis Charpentier frantsesaren eta Federiko Krutwig eta Alfontso Martinez Lizarduikoa euskaldunen teoriak aipatuko ditut. Baina, has gaitezen ikerlari kanariar ezagun batek guantxeei buruz erraten dituenak lerro hauetara ekarriz.

1.- Guantxeak eta haien jatorria.-

Jose Luis Concepción ikerlari kanariarrak “Los guanches que sobrevivieron y su descencencia” (Bizirik iraun zuten guantxeak eta haien ondorengoak) izeneko liburua plazaratu zuen 1982. urtean, ACIC (Asociación cultural de las Islas Canarias) kultur elkartearen bidez, eta orduz geroztik, liburu hau erreferentzia izan da guantxe herria aztertu dutenen artean.

Guantxeen jatorriari buruz honela erraten digu aipatu liburuan:

Kanariar Uharteak aurkitu eta konkistatu zituztenetik (1402-1496) asko izan dira bertako biztanleak ziren guantxeen jatorriaz interesatu diren historialari eta ikerlariak. Duela oso gutxi arte, baziren zenbait teoria, bikingo, greziar, erromatar, feniziar, kartagotar, egiptoar, libiko…jatorria aldarrikatzen zutenak. Baina, 1868an, Frantziako hego-ekialdean Cro-Mangnon-eko giza aztarnak aurkitu zituzten eta beranduago Marokon, Aljerian, Tunezen… eta Afrikako ipar-mendebaldeko beste zenbait tokitan, arrasto eta gorpuzkin berriak topatu zituzten. Orduz geroztik, gauzak pittaka-pittaka argitzen hasi dira.

Kromainoien ehorzketak aztertu ondore, badirudi Ipar Afrikakoak eta Europakoak familia berekoak zirela. Kanariar Uharteetako kromainoiek ere ehorzketa berberak egiten zituzten. Hortik abiatuz, eta mintzaira, ohiturak, elikagaiak eta gorpuzkerak aztertu ondoren, gaurko ikerlariek uste dute Berberia eta Libia zaharretik etorritakoak zirela, hau da, berbereak eta guantxeak familia bereko bi adar zirela, garbi ikusi baitute guantxeen mintzairan bazirela berbere mintzairaren erroak.

Oraindik ez dakigu nola iritsi ziren Kanariar Uharteetara, baina pentsatzen ahal da, itsas joairek lagundurik, Ipar Afrikatik ontzi ttipietan iritsi zirela.

Garbi azaldu behar dugu berbereak ez direla arabiarrak, ilehoriko edo beltzezko gizon-emakume zuriak baizik, eta kanariar uharteetan aspaldian, duela milurteko batzuk, kokatu zirela. Gerora arabiarrek Berberia inbaditu zuten arren, berbereek haien hizkuntza eta ohiturak bizirik mantendu dituzte.”

2.- Louis Charpentier eta euskal misterioa.-

1975ean, Louis Charpentier ikerlari frantsesak “Le mystère basque” izeneko liburua plazaratu zuen, eta bertan euskal hizkuntza, ohiturak, toponimia, hidronimia, historiaurreko arrastoak eta ehorzketak eta 0RH negatibo odol motaren zabalkundea aztertu ondoren euskaldunak, guantxe eta berbere zaharrekin senidetuak garela ondorioztatu zuen.

Charpentier-ek zioenez, euskal arraza Cro-Magnon-eko gizakiaren ondorengoa da. Kromainoiak, duela 30.000 edo 40.000 urte Europako atlantiar kostaldeetan kokatu ziren eta berantago, Mediterraneo aldeko kostaldeetara hedatu ziren. Pelasgoak, egiptoar prefaraonikoak, berbereak, guantxeak eta euskaldunak, beste zenbait herrirekin batera, kromainoiak dira. Haien zibilizazioa mendebaldeko kulturaren oinarria izan zen eta beraiek izan ziren Lascaux eta Altamirako leizeetan margolan zaharrak egin zituztenak, baita eraikin megalitiko zaharrak egin eta zabaldu zituztenak ere. Euskaldunok jakin dugu, mende luzeetan barna, gure mintzaira, gure kultura eta gure jatorri kromainoia atxikitzen.

Louis Charpentier eta “Le mystère basque” liburua

3.- Federiko Krutwig eta Garaldea.-

1978an, Federiko Krutwig Sagredo ikertzaile, idazle eta euskaltzain getxotarrak “Garaldea” izeneko liburua plazaratu zuen Txertoa argitaletxearen bitartez. Aipatu liburuan paleolito aroan mendebaldeko Europan bizi izan zen kromainoi gizakia aztertu zuen, eta gizaki honek populatu zuen lurralde zabalari Garaldea izena eman zion. Horretaz gain, euskaldun, berbere eta guantxeen arteko balizko senidetasunak ere aztertu zituen. Haren ustez, euskarak ez du zer ikusirik berbereen hizkuntzarekin, aurreberberearekin edo libiko zaharrekin baizik. Guantxeek zurezko taulatxoetan idazten zuten, zoritxarrez, konkistatzaile gaztelarrek gehien-gehienak erre zituzten. Krutwig-ek taulatxo horiek guztiak aztertu ondoren, guantxe mintzairaren eta euskararen hiztegia, aditza eta morfosintaxia alderatu zituen.Taulatxoetan agertzen diren testuak euskararen bitartez itzuli zituen eta guantxe eta euskal aditzak modu berean eginda zeudela ondorioztatu zuen. Batez ere, antzekotasun handia aurkitu zion bizkaierarekin.

Liburuaren azken ataletan, Aostako eta Po ibarreko toponimo zaharrak aztertu zituen, euskarazkoak edo euskararen familiako beste hizkuntza batekoak direla azalduz. Aostako ibarrean honako leku-izenak aztertu zituen: Artanavoz, Amai, Ayas, Ayez, Arbelei, Arieta, Arroil, Arrobi, Arpe, Arpilles, Arpeta, Aran, Arnatz, Alpes Graies, Excenez, Cervin, Gane, Cogne, Ersa, Lazoi, lei, lesache, Tolareche, Combin, Lezetta, Lezatas, Loys, Loyssetan, Locce, Loccia, Morgex, Say, Oyace, Oren, Letse, Laix, Lagi, Bason, Besan… Eta ondoan den Biela ibarrean honakoak: Zumaglia, Lessona, Altzate, Orio, Anzola, Arola, Barzola, Balzola, Arona, Arese… Eta Milanen inguruetan: Vailate, Velate, Carate, Garate, Bolarate… Federiko Krutwwig-en irudikoz, hauek dira historiaurrean, eskualde hartan bizi zen herri aurreindoeuroparraren hizkuntzaren aztarnak, eta herri eta hizkuntza horiek euskararen senideak ziren.

Federiko Krutwig eta “Garaldea” liburua

4.- Alfontso Martinez-Lizarduikoa eta Afrikako euskara.-

XX. mendeko azken hamarkadan, Alfontso Martinez Lizarduikoa ikertzaile eta idazleak Charpentierrek eta Krutwig-ek plazaratu zituzten teorien ildotik abiatuta, antzeko teoria defendatu zuen. Aipa dezadan adibide gisa, 1998an, Egin egunkarian argitara eman zuen “El euskera africano” (Afrikako euskara) izeneko artikulu mamitsua. Martinez-Lizarduikoaren ustez, Madaleine-aldian, azken glaziazioaren bukaeran, Pirineoaren magaletan bizi zen euskal-akitaniar kultura handia Iberiar Penintsulako hegoaldera eta baita Europako beste herrialdeetara ere zabaldu zen. Geroago Ipar Afrikara pasatu ziren, Libia, Aljeria, Maroko eta Mauritania aldera eta hantxe ere kokatu ziren.

Haren ustez, guantxeak, Hoggar aldeko berbereak eta euskaldunak senidetuak dira, eta guantxe mintzaira eta euskara zuhaitz bereko adarrak ziren, horregatik guantxeen hizkuntzari, Afrikako euskara deitu zion.

Alfontso Martinez Lizarduikoa // Madaleine-aldiko kulturaren gune garrantzitsuak

5.- Euskaldunak Kanariar Uharteen konkistan.

Ikusten dugun bezala, badirudi euskaldunen eta guantxeen artean senidetasun zaharra dagoela, baina orain lerro hauetara ekarriko dudanak ez du zerikusirik balizko senidetasun horrekin. Eta Pello Gerra idazleak hedatu zuen Gara egunkarian, 2022ko urtarrilaren 9an plazaratu zuen artikulu harrigarrian. Artikuluaren izena: “Una investigación busca a 300 ballesteros vizcainos muertos en la conquista de Gran Canaria.” (Ikerlariak, Kanaria Handia uhartearen konkistaren garaian, hil ziren 300 baleztari bizkaitarren gorpuak bilatzen ari dira).

Pello Gerrak dioenez, 1482an, Migel Muxikakoaren aginduetara ziren 300 baleztari bizkaitarrak guantxeen Ajodar izeneko gotorlekua hartzera abiatu ziren. Gaur ez dakigu non zen aipatu gotorlekua, baina euskal baleztarien gorpuak bilatzen ari den Julio Cuenca ikerlari eta arkeologo kanariarrak dioenez, 854 metroko La Mesa del Junquillo izeneko mendiaren goiko ordokian egon daiteke, eta hortxe ari da bere indusketak egiten.

Kanaria Handiaren konkistan, 1500 soldadu zituen armada bidali zuten gaztelarrek, eta horien artean zeuden 300 baleztari euskaldunak. Guantxeak mendietan gotortu zirenez gero, konkistatzaileek ezin zuten zalditeria eta artilleria erabili, eta horregatik eraman zituzten euskal menditarrak, horrelako borrokaldietarako arrunt trebeak zirelakoan.

Pello Gerra kazetari eta idazlea // Julio Cuenca kanariar arkeologoa

Konkistatzaileen armada bi zatitan banatu zen. Horietako batean ziren baleztari euskaldunak eta haien gibeletik bestelako soldaduak. Bigarren zatia gotorlekuaren gibeleko aldean kokatu ziren guantxeen balizko ihesbidea mozteko. Migel Muxikakoari gaztelar buruzagien abisua itxoiteko agindua emana zioten, eta anartean, ez zuen inolako erasorik egin behar. Baina guantxeek amarru bat prestatu zieten eta euskaldunak bete-betean sartu ziren zepoan. Guantxe gerlari batzuek ihesean zebiltzala sinestarazi zieten euskaldunei, eta Migel Muxikakoak, inoren agindua itxaron gabe, haien gibeletik joateko agindu zien baleztariei. Mendiko haitzetan gotorturik ziren guantxeek harriak bota zizkieten eta euskaldun gehienak hil zituzten, Migel Muxikakoa barne. Pedro Berakoak eraman zituen salbatu ziren baleztari urriak gaur La Aldea deitzen den hondartzaraino, bertan zain baitzeukaten beren itsasontzia.

Cuenca ikerlariak diru-laguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari euskaldunen gorpuak bilatzeko, eta ADN-ko probak egin ondoren, haien jaioterrietara eramateko, euskal lurrean atseden har dezaten.

Historia lazgarri honek pena handia sortarazten digu euskaldunoi. Guantxeak beren herria defendatzen ari ziren eta ongi egin zuten konkistatzaileei aurre egiten, hori garbi ikusten dugu; baina hil ziren 300 baleztari haiek, nahiz eta konkista zikinean ibili, gure odolekoak ziren, eta Euskal Herrian ehorztea zor diegu.