MARTA REDONDO MUÑOZ

 

Bihotzeko gaitzentzako sendagai batek melanomarentzako terapien eraginkortasuna hobetzen du saguetan

Marta Redondo biologoa NUPen doktoratu da larruazaleko minbizi mota hilgarrienari buruz Navarrabiomeden egin duen ikerketa baten bidez

 

Ranolazina (bihotzeko afekzioetarako sendagaia) aplikatzeak hobetu egiten du saguetan melanoma tratatzeko gaur egun erabiltzen diren terapien eraginkortasuna, espainiar estatuan 100.000 biztanleko 16,3 emakumeri eta 14,6 gizoni eragiten dien larruazaleko minbizi hilgarriena baita. Hala aurkitu du Marta Redondo Muñoz biologoak (Kaparroso, Nafarroa, 1991) bere doktoretza-tesian[1]. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu eta Navarrabiomeden garatu du. Foru Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroa da Navarrabiomed.

Aipatu duenez, melanoma dutenek kasu gehienetan ongi erantzuten diete BRAF genearen aurkako terapiei. Gene hori funtsezkoa da tumorea hazteko.  Nolanahi ere, tratamendu horien eraginkortasuna arriskuan dago erantzunak ez direlako iraunkorrak eta pazienteak berriz gaixotzen dira tratamenduekiko erresistentzia hartzen dutelako.

Hori dela eta, Marta Redondok aztertu du zer-nola erabiltzen duten melanomaren zelulek gantzaren metabolismoa (gantz-azidoak) sendagai jakin batekiko erresistentzia hartzeko (BRAF inhibitzaileak). Sendagai hori tumoreari aurreko egiteko erabiltzen da. Ikerketan aurkitu du Ranolazinak, bularreko angina tratatzeko agindutako sendagai batek, larruazaleko minbiziaren hazkundea moteltzen lagun dezakeela. Orobat aurkitu du sendagaiari esker minbizi-zelulak ikusgarriagoak direla immunitate-sistemarentzat, eta inmunoterapiekiko erantzuna hobetzen du eta immunitate-sistemak tumoreari eraso egiteko duen gaitasuna handitzen du. Inmunoterapia beste tratamendu mota bat da melanoman erabiltzen dena.

2022an, larruazaleko melanomaren 7.500 kasu berri diagnostikatu ziren espainiar estatuan. Mundu mailan, tumore mota hori detektatutako onkologia-kasuen % 3,4 da. Larruazaleko minbiziaren kasuen % 10 bakarrik izan arren, melanomak eragiten du larruazaleko tumoreek eragindako heriotzen % 90.

Zuzendutako terapiak eta immunoterapiak agertu baitira, melanoma dutenen tratamendu klinikoa hobetu da, baina oraindik ere minbizi hori dutenen erdiek tratamenduei erantzun gabe jarraitzen dute eta/edo terapia horiekiko erresistentzia hartzen dute.

 

Argitalpena “Nature Metabolism” aldizkarian

Marta Redondoren doktoretza-tesiaren emaitzak “Nature Metabolism” aldizkarian argitaratu dira. Imanol Arozarena Martinicorena Navarrabiomedeko Minbiziaren Seinalizazio Unitateko ikertzaile nagusiak zuzendu du tesia Florencio Marzo Pérez Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun jubilatuarekin batera.

Nafarroako Gobernuak finantzatu du ikerketa, enpresek, ikerketa-zentroek eta doktore industrialentzako zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzaren bidez, eta Melanomaren Diziplina Anitzeko Taldeak (GEM) ere finantzatu du ikerketa.

 

Curriculum laburra

Marta Redondo Muñoz Biologian graduatu eta Bioteknologia Molekularreko Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta gero NUPen doktoratu zen. Graduondoko ikasketak egin aurretik, hiru urtez lan egin zuen Donostiako iLine Microsystems enpresa bioteknologikoan.

2017tik Navarrabiomedi lotuta, Marta Redondok ikerketa biomedikoko zentro horretako Minbiziaren Seinalizazio Unitatean dihardu doktoretza ondoko ikertzailearen lanetan.

 

Argazkia: Marta Redondo Muñoz, doktore berria NUPen.

 

 

 

[1] https://academica-e.unavarra.es/entities/publication/3903c0fb-790b-414c-b339-a77cd8c314d1