‘Tasio’ luzemetraiak (Montxo Armendariz, 1984) Donostia Zinemaldiko Klasikoak saila inauguratuko du bertan estreinatu zela 40 urte bete direnean.
Euskadiko Filmategiak zaharberritu du filma eta Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak prozesu osoa nolakoa izan den azaldu digu.
Nola sortu zen filma zaharberritzeko ideia?
Euskal zinemako film klasikoak zaharberritzeko ideia aspalditik dator, munduko filmoteka nagusiek egiten dute eta filmei bizitza berri bat emateko modu bat da. Lyongo Lumière Jaialdia klasikoei eskainia da eta bertan proiektu hauek etapa ezberdinetan nola gauzatzen diren aztertu ahal izan dugu. ‘Tasio’ filmaren kasuan hainbat faktore zeuden: euskal zinemaren mugarri bat da; jatorrizko negatibotik egindako kalitate handiko digitalizazio gaurkotuetatik 4K kopiak falta zitzaizkigun; filmak 40 urte bete ditu 2024an; eta Montxo Armendariz izan genezaken bidelagun prozesu osoan.
Nola egin da zaharberritzea?
Lehenik eta behin, geneukan materiala aztertu genuen eta guztia adostu genuen filmaren jabea den enpresarekin (Mercury Films) zein filma gordetzen duen erakundearekin (Filmoteca Española). Proiektua gure Patronatuan planteatu genuen Eusko Jaurlaritzak dirua aurki zezan, eta lehiaketa publiko bat egin genuen. Irabazlea L’immagine Ritrovata de Bolonia laborategi prestigiotsua izan zen eta Armendariz bertara joan zen prozesu osoa ikuskatzeko zein azken kolore eta soinu zuzenketetak egiteko.
Nolakoa izan zen Canneseko esperientzia?
Iragarri genuenean esan genuen: gure titulurik onenetako baten zaharberritze-lanik onena dugu esku artean eta, gainera, Cannesen, erakusleiho hoberenean. Munduko jaialdirik garrantzitsuena da, bere filmei ikusgarritasun handia ematen dielako. Hortaz gain, Thierry Frémaux zuzendaria saioa aurkeztera etorri eta Armendariz zoriondu izana ere esanguratsua izan zen.
Eta publikoaren harrera?
Jaialdiko Buñuel Aretoan proiektatu zen, eta uste dut ikusleen artean filma ezagutzen ez zuen jende asko zegoela. Nazioarteko publikoa zenez, ederra izan zen entzutea asko gustatu zitzaiela eta beren herrialdeetako zinemako beste maisu handi batzuekin ere senidetasunak aurkitzen zituztela: Kurosawarekin, Ermano Olmirekin, Tavianitarrakin, Pagnolekin, etab.
Zer da film bat zaharberritzea?
Duela lau hamarkadako film bat gurera ekartzea da, bizitza berria ematea eta iraganeko zinemak orainaren parte izan behar duela frogatzea. Gure ondarea giza sorkuntzen edertasunaren herentzia da. Zinemak arreta berezia eskatzen du mantentzeko, oso iheskorra baita.
Zer esan nahi du zuentzat filma Donostia Zinemaldian eskaintzeak, kontuan izanda duela 40 urte bertan estreinatu zela?
Zaharberritze hau Euskal Herrian estreinatu behar zen. Karga sinboliko eta historiko izugarria du gure zinematografiarentzat. Orain arte egin diren proiekzio guztietatik hau izan beharko litzateke hunkigarriena.
Cannes eta Donostia Zinemaldiaren ondoren, zein izango dira hurrengo urratsak?
Gonbidapen asko jaso ditugu. ‘Tasio’ lanak asko bidaiatuko du eta hori zen helburua.
Zinemetara iritsiko da?
Frantziara, esaterako, bai, banaketa enpresa duelako (Tamasa).
Etorkizunari begira, esan diezagukezu halako beste zer lan dituen Filmategiak esku artean?
2025erako zaharberritze-proiektu bat lantzen ari gara. Izaera ezberdineko proiektua da, baina anbizio handikoa. Hasierako faseetan gaude, ea aurrera ateratzen den. Nolanahi ere, bidea egina dago esperientzia honen ostean, eta Euskadiko Filmategitik uste dugu argi geratu dela posible dela gure ondare zinema nazioartera eramatea, eta arrakasta izan dezakeela. Zaharberritzeek gure zinemaren desagerpenaren arriskua murrizten dute, eta hortaz gain, aparteko balioa ematen diote.