NUPeko irakasle batek Nafarroako bide naturalei eta bide berdeei buruzko foru lege bat onestearen alde egin du
Aritz Romeoren iritzian, segurtasun juridikoa emanen lieke erakunde kudeatzaileei eta erabiltzaileei “egungo erregulazio sakabanatuaren” aurrean
Aritz Romeo Ruiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak eta Smart Cities Institutuko (ISC)[1] ikertzaileak liburu bat idatzi du. Liburua duela gutxi argitaratu da, eta bide naturalen eta bide berdeen erregimen juridikoa aztertzen du. Bibliografia juridikoak aztertu gabe zeukan gai hori 2000. urtetik. Honako hau da lanaren izenburua: “Caminos naturales: funciones, régimen jurídico e inteligencia artificial. Especial consideración del caso de Navarra y de la Vía Verde del Plazaola[2]”. Liburuak proposatzen du Foru Komunitateko Bide Publiko, Abelbide eta Ibilbide Berdeei buruzko Foru Lege bat onestea “segurtasun juridikoa emateko erakunde kudeatzaileei eta bide horien erabiltzaileei”, egungo erregulazio “atomizatu eta sakabanatua” gainditzeko.
Nafarroak badu foru-eskumen bat edo eskumen historiko bat ibilbide osoa Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean duten bideen arloan. Gutxienez ere XVII. eta XVIII. mendeetatik du eskumen hori, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. artikuluan du oinarria egun. Nolanahi ere, Errepideei buruzko Foru Legeaz edo Abelbideei buruzko Foru Legeaz aparte, ez dauka bideak arautuko dituen arau juridikorik. Hori dela eta, “izaera juridiko desberdinetako zenbait tresnatan sakabanatutako erregulazioa” dauka, lanaren egilearen arabera. Valentziako Tirant Lo Blanch argitaletxeak argitaratu du lana.
“Horren ondorioa da Nafarroako bide berdeak kudeatzen dituzten erakunde eta erabiltzaileek duten segurtasun juridikorik eza —azaldu du Aritz Romeok—. Plazaolako bide berdearen kasuan, toki-erakundeek egiten dituzte mantentze-lan txikiak, horretarako oinarri juridikorik ez badago ere, hala nola hitzarmen bat, eta mantentze-lanetarako eskumena Nafarroako Gobernuarena bada ere, ibilbidearen administrazio titularra den aldetik”.
Hori dela eta, haren ustez, beharrezkoa da Bide Publiko, Abelbide eta Ibilbide Berdeei buruzko Foru Lege bat egitea, “bideak modu orokorrean arautuko dituena eta lege-corpus berean jasoko duena bide-mota bakoitzaren erregulazioa —errepideak izan ezik, beste izaera bat baitute—, eta Nafarroako bide-sare edo -sistema bat sortzera bideratuta egonen dena, erabiltzaileei esperientzia hobea ahalbidetuko diena eta operadore, kudeatzaile, administrazio eta erabiltzaileei segurtasun juridikoa emanen diena”.
Ingurumen-tresna
Bide naturalek beren funtzioen ikuspegitik izan duten bilakaera ere aztertzen du monografiak. “Landa-eremuaren garapen jasangarriari lotutako baliabide turistiko gisa sortu ziren, azpiegitura berdearen parte izatera igaro dira eta gaur egun ingurumen arloko funtzioak betetzen dituzte, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko politiketako tresna garrantzitsua baitira”, esan du egileak.
Romeoren arabera, administrazioek “motorizatu gabeko bide-azpiegitura mota horren eraikuntza eta erabilera sustatu behar dute, beharrezkoa baita mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta berotegi-efektuko gasak murrizteko, besteak beste, Biodibertsitatearen Europako Estrategia 2030 delakoarekin, Azpiegitura Berdearen eta Konektibitatearen eta Leheneratze Ekologikoaren Estrategia Nazionalarekin eta Natura Lehengoratzeko Europako Lege onartu berriarekin bat etorriz”.
Adimen artifiziala eta landa-bideak
Liburuak planteatzen du, halaber, adimen artifizialak nola laguntzen ahal duen bide naturalen ingurumen-funtzioak hobetzen, bai eta mugikortasun jasangarrirako azpiegitura gisa garatzen ere. Adimen artifizialak izaten ahal dituen aplikazioen artean daude, esaterako, ingurumena monitorizatzeko sistemak, ibilbideen kudeaketa edo azpiegituren mantentze-lan prediktiboa.
Ikertzaileak nabarmendu duenez gai horri buruzko arau-esparrua “hasiberria da eta Adimen Artifizialaren Europako Erregelamenduak zehazten du, batez ere. Aipatu erregelamendua duela gutxi onetsi dute”. Aritz Romeoren arabera, “Europako araudi berriak arriskuan oinarritutako ikuspegi bat garatzen du”. Horrek esan nahi du araudiak adimen artifizialeko sistemak sailkatzen dituela pertsonen eskubide eta askatasunetarako duen arrisku-mailaren arabera. Arrisku hori txikitik edo minimotik hasi eta handira bitartekoa da. Arauketa-eskakizunak areagotu egiten dira arrisku-mailarekin.
“Landa-bideetan erabiltzen diren adimen artifizialeko sistemen eta horiek oinarrizko eskubideetan izaten ahal duten eraginaren arabera, aipatu erregelamenduaren eskakizunak bete beharko dira. Eskakizun horiek maila desberdinetakoak dira, baina espero izatekoa da arlo horretan erabiltzen diren adimen artifizialeko sistemak, printzipioz, arrisku mugatukoak izatea”, esan du egileak.
Lana bi ikerketa-proiekturen esparruan argitaratu da: bata, ikertzaile gazteek egina, datuei, Administrazio Zuzenbideari eta adimen artifizialari buruzkoa, zeinaren ikertzaile nagusia Aritz Romeo bera izan baita; eta bestea, Ikerketarako Estatu Agentziaren eta Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren Ezagutzaren Erronkak deialdikoa, Biometriari, Administrazio Zuzenbideari eta datuei buruzkoa, zeinaren ikertzaile nagusia Martín Razquin Lizarraga katedraduna baita. Era berean, monografiaren parte bat Romeo irakasleak Plazaolako Bide Berdearen Partzuergo Turistikoaren enkarguz egindako irizpen batean oinarrituta dago.
Egilearen biografia laburra
Aritz Romeo Ruiz, lanaren egilea, Administrazio Zuzenbideko kontratupeko irakasle doktorea da. NUPen Zuzenbidean lizentziatu ondoren, Zientzia Juridikoetako Ikerketako Unibertsitate Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean eta Zuzenbideko doktoretza NUPen. Bere ikerketa-lerro nagusiak dira toki-zuzenbidea, kontratazio publiko estrategikoa, adimen artifiziala administrazio publikoen jardueran eta ingurumen-zuzenbidea. Gai horiei buruzko zenbait argitalpen idatzi ditu, horien artean, bi monografia.
Aritz Romeo Iruñeko Abokatuen Elkargoko abokatu lanetan aritu zen 2006tik 2020ra bitartean, ikerketa-egonaldiak egin ditu Lisboako Unibertsitatean eta Paueko eta Aturriko Unibertsitateko Europako Dokumentazio eta Ikerketa Zentroan.
Bere irakaskuntza- eta ikerketa-jardueraz gain, kudeaketako kargu batean ari da 2020az geroztik: NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko idazkari akademikoa da.
Argazkia: Aritz Romeo Ruiz irakaslea eta ikertzailea, NUPen ateratako argazki batean.
[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html
[2] https://editorial.tirant.com/es/ebook/caminos-naturales-funciones-ambientales-regimen-juridico-e-inteligencia-artificial-aritz-romeo-ruiz-9788411978064