Euskarazko Antzezlan garailea, Izar uxo, Nafarroako Antzerki Eskolan estreinatuko da igande honetan, 18:00etan, eta eskola-kanpainan eskainiko da
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak (ENT) asteazken honetan eman dute elkarrekin antolatu duten Haurrendako XXXIII. Antzerki Testuen Lehiaketako irabazlearen berri: Goiz Eder Iturain Aramendi.
Iñigo Gómez Eguiluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu du epaimahaiaren epaia, eta ondoan izan ditu Goiz Eder Iturain Aramendi, euskarazko modalitateko irabazlea, Maite Legarrea Galar ENTko ordezkaria eta gaztelaniazko modalitateko epaimahaiko kidea; eta Eva Azpilikueta eta Laura Villanueva euskarazko lan irabazlearen antzerki-ekoizpeneko zuzendariak.
Testuak kalitate literarioaren, sormenaren, originaltasunaren eta eszenaratzeko aukeraren arabera hautatu dira. Euskarako modalitatean, Iosu Cámarak, Izaskun Mujikak eta Monika Torrek osatutako epaimahaiak Goiz Eder Iturain Aramendiren Izar uxo antzezlana saritu du, aurkeztutako 6en artean. Epaimahaiak testuaren egitura sinplea, baina oso koherentea eta ondo garatua nabarmendu ditu, hizkuntz-aberastasun handikoa baita, hori bai, hizkuntzaren erabilera zailegian erori gabe.
Izar uxo lanaren istorioa nolabaiteko poesia, umore ukituak eta misterio kutsu bat uztartuz aletzen da.Osagai horiek guztiak oso interesgarriak dira haurrei zuzendutako lan batean. Kontatzen den istorioaren gaia eta tonua, pertsonaien aurkezpena eta deskribapena, eta protagonista haurra izatea (izan ere, horrek ikusleak istorioarekin identifikatzea bermatzen du) positiboki baloratu diren alderdiak izan dira, batez ere eszenaratzeari begira. Amaitzeko, egilearen proposamen eszenografikoa argia eta zehatza dela baloratu dute, baina testua eszenaratzeko sormen-aukerak mugatu gabe.
Izar uxo antzezlanaren estreinaldia igande honetan
Irabazleak zeintzuk diren jakin ondoren, lehiaketak obra Udalaren eskola-antzerkiaren kanpainaren barruan antzeztu eta ikastetxeei eskaintzeko aukera ematen du. Euskarazko lanaren kasuan, estreinaldia igande honetan, irailaren 22an izanen da, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Eva Azpilikueta eta Laura Villanuevaren zuzendaritzapean. Eva Azpilikuetak, Txetxu Colladok, Monika Torrek eta Laura Villanuevak antzeztuko dute testua.
Antzezpen honetarako sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 3. zenbakian) eta https://www.laescueladeteatro.com/el-teatro/programacion/ webgunean daude salgai. Prezioa 6 eurokoa da 5 urtetik gorakoentzat, eta 5 eurokoa 5 pertsonatik gorako taldeentzat.
Bi modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota antzezteko. Saritutako lanaren egileek urtebetez lagako dituzte lana erakusteko eskubideak, saria ematetik aitzina, Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako.
HAURRENDAKO ANTZERKI TESTUEN XXXIII. LEHIAKETA
-
Lan irabazleak:
-
Euskaraz: Izar uxo, Goiz Eder Iturain Aramendirena
-
-
Izar uxo euskarazko lan irabazlearen estreinaldia:
-
Irailak 22, igandea, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan
-
Sarreren salmenta: txarteldegian eta online, https://www.laescueladeteatro.com/el-teatro/programacion/ webgunean
-
5 urtetik gorakoendako sarrera: 6 euro; taldeendako (5 pertsonatik gora) 5 euro laguneko
-