NUP maila guztietako instrumentisten bila dabil bere orkestrarako
Deialdia unibertsitateko komunitatekoentzat eta Unibertsitatetik kanpokoentzat da
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du bere orkestran instrumentu sinfonikoak joko dituzten pertsonak aukeratzeko, eta ez da kontuan hartuko zer trebetasun-maila duten, baina musika-teoriako ezagutzak eta instrumentuak jotzen aldez aurretik izandako esperientzia baloratuko dira. Izen-ematea doakoa da, eta unibertsitateko komunitateari eta erakunde akademikotik kanpokoei zuzenduta dago. Interesa dutenek “online” aurkeztu behar dute eskaera Unibertsitatearen webgunearen[1] bidez.
Entseguak asteartero izanen dira 20:00etatik 21:15era, urritik maiatzera bitartean, eta ganbera-musika, soinu-bandak eta obra sinfonikoak dituen errepertorioa izanen dute.
Orkestran parte hartzen dutenek musika-prestakuntza jasoko dute, jendaurreko emanaldiak eginen dituzte zenbait testuingurutan eta orkestran jotzeko gonbidapenari baiezkoa ematen dieten musikako profesionalekin lankidetzan jardunen dute. Gainera, kideak solista izaten ahalko dira eta trukeak egiten ahalko dituzte beste kultur erakunde batzuekin.
Orkestraren zuzendaria
Orkestraren musika-zuzendaritzaren arduraduna Igor Saenz Abarzuza[2] da. Saenz Musikako goi mailako tituluduna da Biolontxeloko eta Pedagogiako espezialitateetan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Gainera, Musika Gaitasunen Garapeneko Unibertsitate Masterra egin du NUPen, Katalunyako Musikako Goi Mailako Eskolako Biolontxelo Historikoko gradundoko bat eta doktoretza NUPen Paul Casalsi buruzko tesi batekin[3], Marcos Andrés Vierge katedradunak zuzendua.
Biolontxelo-jotzaile moduan, 20 urte baino gehiago eman ditu etenik gabe jotzen, hala nola orkestra-musikan, ganbera-musikan, musika modernoan eta interpretazio historikoan. Horri gehitu behar zaio musika-ikerketan egin duen lana, musikaren arloko indexatutako aldizkari zientifikoetan artikuluak eta liburuen kapituluak idatzi baititu eta argitalpen espezializatuetako artikuluak (“Sonograma Magazine” eta “Scherzo”).
Egun, Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle-lanetan dihardu NUPen eta I-COMMUNITAS Institutuko[4] ikertzaile-lanetan. Horrez gain, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanordea ere bada.
Orkestra NUPeko kultur ikastaroen programaren barruan dago. Iruñeko Udalaren laguntza dute ikastaroek.
Argazkia: NUPeko orkestraren emanaldi bat joan den ikasturtean.
[1] https://www.unavarra.es/cultura/Kultura-gelak/actuarte?seccion=padm&contentId=276169&languageId=100001
[2] https://www.unavarra.es/cultura/Kultura-gelak/actuarte?seccion=prof&contentId=276169&languageId=100001
[3] https://www.unavarra.es/eu/sites/actualidad/contents/noticias/2018/05/15/_x003_180515-Tesisdoctora.html
[4] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/i-communitas.html