ARANTXA LEIZAGOIEN, EUSKAL ANIMISMOAREN ARTISTA SARATARRA

Urruñako plazan, larunbatero den merkatuan, euskal ekoizkinak begiratzen ari nintzela, adiskide gasna-saltzaile batek inguruko mahai batean zegoen neska batengana eraman ninduen eta aipatu neska gaztea aurkeztu zidan. Saratarra zen, eta artista handia, margolaria, argazkilaria, ilustratzailea, idazlea, ipuin-egilea…, eta a zer nolako artista, gainera!

Salgai zituen produktuak erakutsi zizkidan: margolanak, argazkiak, haurrendako ipuinak, koloreztatzeko kaierak… , den-dena zoragarria, kolore eta irudi eder eta alaiak, euskal gogoaren adierazle sutsuak. Bere irudietan, euskal pertsonaia mitologikoak azaltzen dira, gehienbat, Mari, Amalur, Basandere, Basajaun, Laminak, Hartza, Erlea, Behigorri…, baita euskal izadiarekin loturiko bestelako elementuak ere: kattalingorriak, zaldiak, saiak, oihanak, errekak, joaldunak, urtxintxak, papogorriak…

Euskal mundu magikoa, ama-lurra, Euskal Herri sakratua, euskal animismoa… horiek dira artista saratarraren gai ardatzak, nonahi agertzen direnak, hau da, margolanetan, argazkietan, ilustrazioetan, liburuetan…

Erroetatik edaten du, euskal senetik zaigu elikatzen, eta sentsibilitate handiz hori dena aurkezten digu bere maisu-lan eder eta urosetan. Neska honek etorkizun handia du euskal kultura plastikoaren arloan, zinez.

Interneten badu webgune bat bere produktuak erakusteko, zabaltzeko eta saltzeko: https://www.arantxa-art.fr/tirages-d-art/, eta etxera itzulita, hor sarturik, bere margolanak lasaiago ikusteko eta gozatzeko parada ezin hobea izan nuen. Aipatu webguneko sarreran bere burua aurkezten digu:

Euskalduna naiz, saratarra, 37 urte ditut eta nire zaletasun handia adierazpen artistikoa da. Mendi, oihan eta animalien artean sortua naiz, eta natura hori dut nire inspirazio iturri nagusia. Historia eta Arte Plastikoko ikasketak egin ondoren, argazkilaritza ikasketetan murgildu nintzen buru-belarri, eta 2007an titulua atzeman nuen. Orduz geroztik, nire pasioak gidaturik, euskal arima eta izate berezia azaltzen saiatu naiz. Margolaritza eta argazkigintza poesiarekin loturik daudela erranen nuke nik, edertasuna adierazteko bide paregabe eta hauskorrak direlakoan. Gune honetan, nire barne mundua, hau da, bizia eta Euskal Herria ikusteko dudan sentipena partekatzera gomitatzen zaituztet.” Eta gomita egin ondoren, harekin harremanetan sartzeko telefonoa: 06 72 06 15 21  eta helbide elektronikoa: arantxa-ametsak@orange.fr, eskaintzen dizkigu. Horra hor, artista saratarrak merezi baitu!