MIKROPLASTIKOAK: KUTSATZAILE KIMIKOEN KOKTELA

Datorren ostiralean, urriak 18, 19:00etan, Ordiziako Barrena jauregian, hamargarren OrdizientziA zikloaren azken hitzaldia izango dugu Amaia Orbea ikerlariaren eskutik; izenburua: Mikroplastikoak: kutsatzaile kimikoen koktela. Hitzaldia euskaraz izango da.

Amaia Orbea, UPV/EHUko Biologian lizentziatua eta doktorea, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakaslea eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea da. Bere karreraren ardatza kutsatzaile organikoek, hala nola petroliotik eratorritakoek, organismo urtarretan dituzten ondorioak ikertzea izan da, eta, azken urteotan, bereziki, nanomaterialen eta mikroplastikoen inpaktu toxikologikoa eta horiek ingurumenean dauden beste kutsatzaileekin duten elkarreragina ezagutzea. Gaur egun, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako bi proiekturen ikertzaile nagusia da. Proiektu horiek plastikoen zatirik txikienak, nanoplastikoek, ingurune urtarrean eragindako kutsaduraren problematikari eta bio-oinarritutako material plastiko berriek izan lezaketen potentzial toxikologikoari heltzen diote.