MARÍA MINA URBIOLA, INÉS LARRÁYOZ ARRIGOTE

 

María Mina eta Inés Larráyoz NUPeko ingeniariek irabazi dute Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren poster lehiaketa

NUPeko beste bi egresatuk, María Sangüesak eta Itsaso Zulaikak, bigarren saria eskuratu dute ingeniaritzako ikasketa amaierako lanengatik

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi egresatuk, María Mina Urbiolak (Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin zuen) eta Inés Larráyoz Arrigotek (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako graduatuak), irabazi dute emakumeek Zientziaren eta Teknologiaren Arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren VI. edizioa, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatua, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Sari gisa 900na euro eskuratu dituzte. Orobat, NUPeko beste bi tituludunek, María Sangüesa Recaldek (Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin zuen) eta Itsaso Zulaika Gilek (Industria Teknologien Ingeniaritzan graduatua) bigarren postua lortu dute lehiaketa horretan, eta, beraz, 450na euro eskuratu dituzte.

Lehiaketaren finala joan den ostiralean izan zen, irailaren 27an, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Iruñeko kultur zentroan, Civicanen, Ikertzaileen Gau Europarraren harira. Ikertzaileen Gau Europarra NUPek antolatu, eta Europar Batasunak finantzatu du, eta Unibertsitateen G9 Taldearen  G9-SCIENCE4ALL[1] proiektuaren barrenean dago.

Honako hauek banatu zituzten sariak: Patricia Fanlo Mateo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Gurutze Pérez Artieda, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta NUPeko ISC Smart Cities Institutuko[2] ikertzailea.

 

Saridunak, banaka-banaka

María Minak master amaierako lana[3] defendatu zuen, zeina urrutiko inguruneetako zaintza bolkanikoko sistemetarako energia iturri gisa sorgailu termoelektrikoak bideragarriak direla frogatzea xede duen proiektu batean integratzen baita. Urte hasieran, ISC Institutuko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Ikerketa Taldeak [4] sorgailuak instalatu zituen Decepción uharteko Gabriel de Castilla basean (Antartika). Haren lana zentratu zen monitorizazio sistema bat diseinatzen, sorgailuek muturreko baldintzetan nola funtzionatzen duten ebaluatzeko. ISC Institutuko ikertzaile eta Ingeniaritza Saileko irakasle hauek zuzendu zuten proiektua: Leyre Catalán Ros irakaslea eta David Astrain Ulibarrena katedraduna.

Bestalde, Inés Larráyozek gradu amaierako lana[5] aurkeztu zuen, zeinak aztergai baitu sateliteen belaunaldi berri bat, SpaceX enpresaren Starlink konstelazioa, posizionamenduan, nabigazioan eta denbora-sinkronizazioan edo PNTn (ingelesezko sigletan) erabiltzeko. Helburua teknologia berri hori GNSSren ordezko gisa erabiltzea da. Termino orokor horrek satelite bidezko hainbat nabigazio-sistema biltzen ditu, hala nola GPSa (Global Positioning System), ezagunena. Luxenburgoko Unibertsitatean garatu zuen proiektua, eta Jorge Teniente Vallinas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ISC Institutuko ikertzaileak zuzendu zuen.

Bigarren sariei dagokienez, María Sangüesak master amaierako lana[6] laburbiltzen zuen poster batekin hartu zuen parte. Lan horrek irudi-azterketako eta ikaskuntza sakoneko metodoak garatzen ditu kartzinoma uroteliala duten pazienteen tumore-mikrogiroa aztertzeko. Urotelioan, gernu-bideen barne-estalduran, garatzen den minbizi-mota bat da. Mikel Ariz Galilea izan zuen zuzendari, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ISCko ikertzailea.

Azkenik, Itsaso Zulaikak bere posterrean laburbildu zuen gradu amaierako lana, Forvia automobilerako osagaiak fabrikatzen dituen multinazionalaren jabetzakoa den Orkoiengo Faurecia lantegiko kalitateko zortzi oinarrizkori buruz. Lan hori Lucas Álvarez Vega Ingeniaritza Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egin zuen.

 

Finalista guztiak

Honako hauek izan dira beste finalistak: Tatyana Fernandes Ramos (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), Beatriz Manías Silva (Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra), Alaia Pascual Diez de Arizaleta (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza), Ana Remírez de Ganuza Jiménez (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta María Senosiain Corera (Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra).

Emakumeek Zientziaren eta Teknologiaren Arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren VI. Edizioan gradu edo master amaierako lana 2023-2024 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleek har zezaketen parte, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bazen. 2024-2025 ikasturtean NUPeko masterretan matrikulatuta dauden emakumeek ere hartzen ahal zuten parte, beren gradu amaierako lana beste unibertsitate batean defendatu bazuten ere.

 

Emakume gehiago zientzian eta teknologian

NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra[7]. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.

 

Argazkia: goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Beatriz Manías, Tatyana Fernandes, Inés Larráyoz (graduko irabazlea), Itsaso Zulaika (bigarrena graduan) eta María Sangüesa (bigarrena masterrean). Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera), Patricia Fanlo, María Mina (irabazlea masterrean), María Senosiain, Alaia Pascual, Ana Remírez de Ganuza eta Gurutze Pérez Artieda.

 

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/actualidad/contents/noticias/2024/03/26/noche-europea-financiaci%C3%B3n.html

[2] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html

[3] https://academica-e.unavarra.es/entities/publication/b36918af-e6d7-4fd4-84bb-7ecd496b72d4

[4]https://www.unavarra.es/eu/sites/actualidad/contents/noticias/2024/02/02/energia_geotermica_antartida.html

[5] https://academica-e.unavarra.es/entities/publication/c026ed60-87dd-464c-9448-d989b07042a7

[6] https://academica-e.unavarra.es/entities/publication/0fe32ba0-dbf9-48f1-a7f4-e406fd10806a

[7] http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001