Álvaro Saavedra NUPeko ikertzailea saritu dute chatbot-en hizkuntzari buruz eta hark kontsumitzaileengan duen eraginari buruz egin duen azterlanarengatik
Marketin Akademiko eta Profesionaleko Elkarteak saritu zuen 400 profesional bildu zituen urteko kongresuaren esparruan
Álvaro Saavedra Montejo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileari Aribidean den Lan Hoberenaren Saria eman diote “chatbotek” darabilten hizkuntza emozional eta sozialak kontsumitzaileek laguntzaile birtual horien gaitasunei buruz duten pertzepzioan nola eragiten duen aztertzeagatik. Marketin Akademiko eta Profesionaleko Elkarteak (AEMARK) eman zion saria irailean egindako kongresuan, zeinak sektoreko 400 profesional bildu baitzituen. Horrez gain, elkarte berak sare sozialetako dibulgazioko lehen saria eman zion ikertzaileari helmuga turistikoei buruzko bideo batengatik.
Aribideko lan saritua Mónica Cortiñas (NUP), Natalia Rubio (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, UAM) eta Sandra Loureiro (ISCTE – Lisboako Unibertsitate Institutua) irakasleekin lankidetzan egiten ari da, eta “Assessing how emotional and social communication shapes chatbot perceived competencies” du izenburua. Egilearen doktoretza-tesiaren kapitulu bat da. NUPeko eta UAMeko irakasleek eta Raquel Chocarro Eguaras NUPeko irakasleak gainbegiratuta egiten ari da doktoretza-tesia erakunde horretako Ekonomiako, Enpresako eta Zuzenbideko Doktoretza Programaren esparruan. Mónica Cortiñas, Raquel Chocarro eta Álvaro Saavedra INARBE NUPeko ikerketa-institutukoak dira.
Ikerketa garatu zen Álvaro Saavedrak ISCTE – Lisboako Unibertsitate Institutuan egindako doktoratu aurreko egonaldian, Sandra Loureiro doktoreak gainbegiratuta, 2024ko urtarriletik apirilera bitartean. Ikerketa hori TED2021-129513B-C21 proiektuaren barruan dago. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du proiektua Europar Batasunarekin lankidetzan.
Aipatu denez, Álvaro Saavedrak “Marketina 90 segunduan” sare sozialetako dibulgazio zientifikoko lehen saria ere jaso zuen “Helmuga turistikoen marketina” izenburuko bideoagatik. Bideoa Madeirako uhartean grabatu zen, eta helmuga turistikoen marketinaren kontzeptua azaltzen du, eta, horrenbestez, uhartearen baliabide turistikoei buruzko informazioa jasotzen du, eta helmuga horien sustapenean duen garrantzia nabarmentzen du.
Argazkia: Álvaro Saavedra, NUPen.