LORENA ALEMÁN ARÓSTEGUI

 

Espainiar estatuan espetxe-zigorrak nola betetzen diren

aztertu du NUPen defendatutako tesi batek

 

Lorena Alemán Aróstegui irakasle eta abokatuak aztertu du

nola betetzen den espetxe-zigorra eta zer ondorio dituen presoengan

 

Lorena Alemán Aróstegui irakasle eta abokatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) duela gutxi defendatu duen doktoretza-tesian aztertu du nola betetzen diren espetxe-zigorrak, eta arretaz aztertu du zer gertatzen den kartzela barruan, nola betetzen den zigorra eta zer ondorio duen presoengan, Estatuaren zigorrak izan behar dituen mugak kontuan hartuta. Inés Olaizola Nogales NUPeko katedradun eta ICOMMUNITAS institutuko kideak eta Soledad Barber Burusco institutu bereko irakasle jubilatuak zuzendu dute doktoretza-tesia.

Tesiaren egileak azaltzen duenez, espetxe-zigorra Zigor Kodeko zigor mota larriena eta gehien aurreikusitakoa bada ere, zigor zuzenbidearen diziplinak oso gutxi aztertu du zer gertatzen den kartzela barruan zigorra bete bitartean.

Lorena Alemánek bere tesian aztertu duenez, espetxe-zigorra bete bitartean —‍zeina urte anitzekoa baita epaiaren arabera‍—‍, badaude espetxe-erabaki batzuk, ezartzen den zigorra modulatzeko aukera ematen dutenak, eta nahieran mugitzeko askatasunaren murrizketa-maila aldatzen dute. “Hau da, espetxe-sistemak aukera ematen du erabakiak hartzeko, eta horien arabera zigortuek bizi-erregimen desberdinak dituzte, askatasun gehiagokoak edo gutxiagokoak. Erabakiak berme guztiekin hartu behar dira, horien arabera zigorra gogorragoa edo arinagoa baita, eta oinarrizko eskubideei eragiten diete”, zehaztu du.

Zigor zuzenbidearen ikuspuntuak arrazoiak eta moduak eskaintzen ditu zigorra mugatzeko printzipio mugatzaileen eta berme juridikoen bidez. Tesian proposatzen da printzipio eta berme horiek aplikatzea espetxe-zigorra bete bitartean  —‍zehazki, aipatu espetxe-erabakiak hartzean—‍, presoen oinarrizko eskubideak babesteko.

 

Zigorrak berme juridikoekin betetzea

Aurrez deskribatutako helburuarekin, doktoretza-tesian, batetik, “teorikoki aztertzen dira zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoan zigortzeko ahalmena mugatzen duten printzipioak”, sakon aztertzen da espetxe-sistema —‍horrek garrantzia juridiko-penaleko irizpide bat ateratzeko aukera ematen du‍—‍, eta azken hamarkadetako aldaketa politiko-kriminalak eta horiek espetxe-esparruan dituzten ondorioak ikusten dira: “etsaiaren espetxe-zuzenbidearen”, “arriskuaren espetxe-zuzenbidearen” eta “biktimek erasotzailea espetxean egoteko duten eskubidearen‍” sorrera. “Horrek guztiak agerian jartzen du, are gehiago, zigortzeko ahalmenari mugak jarri beharra espetxe-zigorra betetzean”, ziurtatu du ikertzaileak.

Aurreko egoera kontuan hartuta, tesian zehatz-mehatz aztertzen da nahieran mugitzeko askatasunari eragiten dioten espetxe-erabakien arauketa, hala nola irteteko baimenak, hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna. Orobat praktikan erabakiak nola hartzen diren ere aztertzen du tesiak, erabaki horiek hartzeko zeresana duten eragileei egindako elkarrizketetan oinarritutako azterketa batean ezarritakoari jarraikiz.

Aurreko analisietan oinarrituta, zenbait proposamen egiten dira espetxe-zigorra berme juridikoekin betetzeko, hau da, zigortutakoen eskubideak babestuz. Azkenik, “onartzen dira proposamen bermatzaile horiek dituzten mugak kartzela bezalako erakunde batean, baina, aldi berean, ezinbestekotzat jotzen dira kartzela zigor-erantzun gisa erabiltzen den bitartean”, esan du amaitzeko tesiaren egileak.

 

Lorena Alemánen CV laburra

Lorena Alemán Arósteguik Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza egin zuen (2011-2017). Ikasketen amaierako sari berezia lortu zuen aipatutako graduetako lehenengoan. Gero, Abokatutzarako Sarbide Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (2019).

Bartzelonako Abokatuen Elkargoan (ICAB) kolegiatutako abokatua da, eta bere tesia NUPen egin zuen Ministerioaren FPU laguntza batekin. NUPen, Zuzenbide Saileko Zigor Zuzenbideko irakasle lankidea izan zen. Abokatu-lanetan aritu zen Irídia giza eskubideen defentsarako zentroan, Bartzelonan (2018-2019), eta praktikak egin zituen Nafarroako arartekoaren bulegoan.

Lorena Alemán zigor-zuzenbidearekin lotutako hiru artikulu zientifikoren eta sei liburu-kapituluren egilea da, bai eta datozen hilabeteetan argitaratuko den liburu baten egilea ere. Aurtengo irailetik, Lorena Alemán NUPeko Zigor Zuzenbidearen arloko irakaslea da eta ordezko tutorea Iruñeko UHUNen.

 

Argazkia: Lorena Alemán, NUPen.