ERAKUSKETA: LKN. OTOI NIRE ALDE

Otoi nire alde. LKNren erakusketa Karlos III .a eta Orreaga etorbidearen bidegurutzean. Urriaren 28etik azaroaren 24ra.

LKNk gauez eta isil-gordeka lan egiten du. Gauetik goizera sortu eta jartzen ditu ikusgai bere lanak, hiriko txokorik susmagaitzenetan. Edozein fatxada, edozein ohol bihurtzen zaio mihise, ezustea eta iragankortasuna protagonista dituen jolas horretan. Azken bost urteetan, artista anonimoak ikusmina sortzea lortu du, baita kalean egiten dituen lanez gozatzen duten jarraitzaile ugari izatea ere, Iruñeko eta Nafarroako gaurkotasun politikoko, sozialeko, kiroleko eta kulturaleko pertsonen irudikapen libreak tartekatzen baititu bere lanetan.

Lan horietako asko batera ikusi ahal izanen dira orain kalean, ohikoa duen agertokian. Karlos III.aren etorbidea, Entzierroaren monumentuaren parean, aire zabaleko erakusketa-areto bihurtuko da azaroaren 24ra arte, eta haren lanik esanguratsuenetako hamabost bat ikusteko aukera izanen dute herritarrek. Han izanen dira margolan polemikoenetako batzuk, Musua, esaterako, jatorrian Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean jarri zuena, non María Chivite Nafarroako lehendakaria eta Bakartxo Ruiz EH Bilduk Parlamentuan zuen orduko bozeramailea irudikatzen dituen. Baita grina piztu zuten beste batzuek ere, hala nola Roberto Santua, Roberto Torres Osasunako jokalariaren omenez, Jesukristo Salvator Mundi bezala, baloi bat eskuan duela betikotua, edo Amaia Montero abeslaria, Pop-musikaren erregina izenburupean Andre Maria Erregina bezala irudikatua.

Guztiak batera egonen dira, espazio berean, Otoi nire alde izena duen erakusketan. Erakusketaren izenburuak keinu bat egiten dio bere erakusketa bat zela-eta irakurleen postontzian argitaratu zen gutun bati. Gutun horretan artistaren aldeko otoitz bat eskatzen zuten. Eskaera horri erantzunez, LKNk adierazpen askatasunaren alde egiten du, bere obretatik hamabost elkarren arteko hartu-emanean, konplizitatean, erakutsiz. Jatorrizko lanen erreprodukzioak dira, jatorrizko tamainan eginak, aluminiozko panelen gainean inprimatuta. Bertan, artistak Nico Williams futbolariari buruz egiten duen irudikapena ikusi ahal izanen da, Jatorriak lanean, edo Clara Galle aktorearena, Argia eta Garbia lanean, besteak beste.

Kokapena dela eta, erakusketa jende orori irekia da, artistak bere lana Iruñeko hiritar guztiei hurbiltzearen alde egin baitu. Hori da, hain zuzen ere, erakusketa-areto batean giltzapetu beharrean, espazio ireki bat, jendearen joan-etorri handikoa aukeratu izanaren arrazoietako bat. Beste arrazoi bat kaleko artearen izaera urratzaile eta satirikoan datza, ez baitu horren jatorria eta izateko arrazoia den hori galdu nahi: kalea.

Lanak ukitu eta gertutik ikusi ahal izanen dituzte bertara joaten direnek, baita haiei argazkiak atera eta grabatu ere. Izan ere, erakusketak modu hurbil eta magiko batean zabaltzen dio atea LKNren mundu sortzaileari.

Ez da LKNk bere obraren erakustaldia Iruñeko Udalaren laguntzaz egiten duen lehen aldia. 2021ean ere egin zuen, Kondestablen, bere ibilbideko lehen bi urteetan sortutako hogei bat pintura erakutsita. Orain, bere lehen bost urteetako sormen-lanaren errepasoa egiten du, gaietan izan duen bilakaera erakutsiz, baina bere estilo berezia alde batera utzi gabe. Sorkuntza klandestino gisa sortu eta denborari dagokionez parekorik ez zuena izan nahi zuenak bost urte bete ditu orain, baina ilargiaren argitan sortzen den isilpeko arte klandestino horren esentzia galdu gabe.