NUP: EUSKAL PILOTA

 

NUPek antolatutako jardunaldi batek esku pilotaren alderdi tekniko eta taktikoak aztertuko ditu datorren astean

Zazpi adituk orobat aztergai izanen dute nola optimizatu kirol modalitate hori egiten dutenen errendimendu fisiko eta teknikoa

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Euskal Pilotako Jardunaldi Teknikoak antolatu ditu heldu den astelehenean, azaroak 18. Esku pilotaren esparruko zazpi profesionalek hartuko dute parte, eta aztergai izanen dituzte errendimendu handiarekin eta kirol horren alderdi taktiko eta teknikoekin lotutako zenbait arlo, bai eta kirol modalitate hori egiten dutenen errendimendu fisiko eta teknikoa hobetzeko modua ere. Topaketarako sarbidea librea da aldez aurretik izena emanda, eta arratsaldez eginen da Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatean[1] (Barañaingo etorbidea, z.g.), Iruñean.

Jardunaldia 16:00etan hasiko da, Mikel Izquierdo Redín NUPeko katedradun, Pilota Federazioko zuzendari tekniko ohi (2002an Iruñean egindako Munduko Txapelketa irabazi zuen haren taldeak) eta Batzorde Olinpikoko (COE) Kirol Errendimendu Handiko Masterreko irakaslearen ongietorriarekin. Graduondo horretako beste irakasle batek, José M.ª Echeverría Larreak, esku pilota profesionaleko lau t ‘erdiari buruz egindako azterketa bat aurkeztuko du. Aditu hori Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoetan Pilota Federazioko zuzendari tekniko ohia eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendariorde ohia izan zen, eta euskal pilota aztergai izan du ikuspegi kualitatibo eta kuantitatibo batetik.

 

Indarra, abiadura eta pilotaren garrantzia

Arratsaldean, beste aditu batzuek esku hartuko dute. Egoitz Carrion Ninatanta izen oneko pilotarien prestatzaile fisikoa da, hala nola Unai Laso eta Jon Mariezkurrena, eta esku pilotan indarrak eta abiadurak duten garrantziaz arituko da. Ondoren, Iñaki Barbajero Arias NUPeko irakasle elkartu, pilotarien prestatzaile fisiko eta Pilota Federazioko hautatzailea mintzatuko da pilotak estrategietan eta joko tekniketan duen garrantziaz. Lau t’erdiko erresistentzia eta intentsitate handiko entrenamendua izanen dira azken ponentziaren gai nagusiak Rubén Ayarra Villaverde eta Carlos Chocarro Gorraiz Dupla Entrenamiento kirol zentroko espezialisten eskutik.

Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat eginen da. Luis Guinea Zavala kazetaria izanen da gidaria Mikel Izquierdorekin batera, eta hizlarien eta bertaratutakoen arteko elkarrizketa bultzatuko da euskal pilotaren entrenamenduan eta lehian izandako aurrerapenei eta erronkei buruz.

Parte hartzeko, interesdunek mezu elektroniko bat bidali behar dute posta elektronikoko helbide honetara: efit@navarra.es. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPen webgunea[2].

 

Argazkia: Mikel Izquierdo katedraduna, euskal pilotari buruzko jardunaldien antolatzailea, NUPeko frontoian.

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/la-upna/la-universidad/campus/campus-de-salud.html

[2]https://www2.unavarra.es/gesadj/seccionActualidad/Agenda/Pelotavasca2024_3.pdf