NUP: MAHASTIZAINTZA ESPEZIALISTAK

 

Mahastizaintzako espezialista batzuk NUPen bildu dira mahasti jasangarriak lortu nahi dituen Europako proiektu bati esker

Erakunde akademikoak koordinatzen du ekimena, eta mahatsondo-landareak maneiatzeko teknikak ebaluatzen ditu erronka klimatikoei aurre egiteko

 

Mahastizaintza erresilientean zentratutako VITRES mugaz gaindiko europar proiektuaren bigarren bilera egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Erakunde akademikoak koordinatu eta Europar Batasuneko funtsekin finantzatutako ekimenak mahastien ekoizpen-prozesuak hobetu nahi ditu, eta haien efizientzia eta jasangarritasuna handitu. Hainbat erakundetako ordezkari eta ikertzailek parte hartu dute bileran, eta haren helburua izan da mahatsondo-landareak diseinatzeko eta maneiatzeko estrategiak ebaluatzea eta zehaztea, bi herrialdeen arteko mugaldean haien erresilientzia hobetzeko klima-aldaketaren erronkaren eta ingurumenaren arloko beste presio batzuen aurrean.

“Mahastizaintza erresilientea POCTEFA lurraldean (VITRES)” proiektuaren lehen jardunaldian aztergai izan zuten inausketa praktiken ebaluazioa eta gidatze sistemena (mahastiak hazten diren bitartean gidatzeko eta eusteko erabiltzen den metodoa), “mahastien epe luzeko jasangarritasuna bermatzeko funtsezko alderdiak”, Gonzaga Santesteban García katedradunaren arabera. Santesteban NUPeko Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko (IMAB)[1] ikertzailea eta proiektuaren liderra ere bada. Saioan, bertaratutakoek aztergai izan zituzten inausketa tekniken eta mahats-zuraren gaixotasunen prebalentziaren arteko erlazioari buruzko saiakuntzen aurretiazko emaitzak. Mahastiek estres termikoari eta lehorteei aurre egiteko duten gaitasunean gidatzeko sistemak dituen ondorioak ere landu ziren, faktore horiek gero eta garrantzitsuagoak baitira eskualdean.

Bigarren jardunaldia Vitis Navarra enpresak Larragan dituen instalazioetan egin zen, eta lursail esperimentalak bisitatu ziren. Testuinguru horretan, txertatutako landareen kalitatea hobetzera bideratutako berrikuntzak aurkeztu ziren, eta txertaketak egitean arrakasta tasa handitzea helburu duten tekniketan egindako aurrerapenak partekatu ziren. “Jarduera hori funtsezkoa da epe luzera erresistenteagoak izanen diren mahastien ekoizpena bermatzeko, giltzarria proiektuaren arrakastarako”, azaldu du Gonzaga Santestebanek.

 

Zazpi erakunde eta enpresa

VITRES proiektuak 1,78 milioi euroko aurrekontua du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du % 65ean, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). Hiru urteko iraupena du, eta Pirinioen bi aldeetako zazpi erakunde publiko eta enpresa biltzen ditu. Foru Komunitatean, NUPez gain Vitis Navarra (Larraga) eta Viticultura Viva (San Martin Unx) enpresek ere parte hartzen dute. NUP koordinatzailea da.

Proiektuaren partzuergoa honako hauek osatzen dute: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumenerako Ikerketako Institutu Nazionala (INRAE), Bordelen duen egoitzan; Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera, Ekialdeko Pirinioetako Nekazaritza Ganbera, Mahatsondoaren eta Ardoaren Zientzien Institutua (ICVV) eta aipatu hiru bazkideak (NUP, Vitis Navarra eta Viticultura Viva).

 

Argazkia: VITRES proiektuak NUPen egindako bilerako parte-hartzaileak.

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/imab.html