ZIUetako oheen kudeaketari buruzko erabaki medikoak aztertu ditu bere tesian, unitate horien ospitaleratze eta alta prozesuak optimizatzeko
Laida Esparza Artanga mediku intentsibistak bere ikerketa defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan
Laida Esparza Artanga mediku intentsibistak Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) baten funtzionamendua simulatzen duen eredu digital interaktibo bat proposatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian, pazienteen ospitaleratzeei eta altei buruzko erabakiak hartzeko modua aztertzeko eta, horrela, baliabideen kudeaketa eta pazienteei emandako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. COVID-19aren pandemian garatu zen tesia, eta okupazio handiko uneetan ZIUen erabilera optimizatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleek zuzendu dute tesia, bai eta erakunde horretako ISC ikerketa-institutuko kide Cristina Azcárate Camiok eta Fermín Mallor Giménezek ere.
NUPeko doktore berria lankidetzan ari da, 2011z geroztik, Unibertsitateko sail horrekin; izan ere, azaldu duenez, “arazo horri buruzko diziplinarteko hurbilketa da irtenbide eraginkorrak eta garrantzitsuak lortzeko egin daitekeen hurbilketa bakarra”. Hala, lankidetzan, eragiketen kudeaketari, logistikari eta osasunaren arloko erabakiak hartzeko analisiari buruzko ikerketa proiektuak egin dira. “Horrek aukera ematen du hainbat arazori buruzko bi ikuspuntu desberdin biltzeko eta, horrela, alderdi klinikoak zein teknikoak kontuan hartzeko eta aberasteko, osasun zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko beharrezko oinarria emateko”, adierazi du.
Lankidetza horren barruan, SARS-CoV2 birusaren pandemian, lankidetza lan bat egin zen Nafarroako Foru Komunitatearekin, Errioxako Komunitatearekin eta, azkenik, Osasun Ministerioarekin, pandemian zehar 17 autonomia erkidegoetako bakoitzean ospitalizazioko oheen eta ZIUen beharrari buruzko aurreikuspenak emateko, COVIDSIM simulazio softwarearen garapenari esker.
Azkenik, datuak aztertzeko eta simulazio konputazionala egiteko teknikak eta metodoak garatuz eta aplikatuz, lehen aipatutako eredu digital interaktiboa garatu zen, zeina gai baita ingurune birtual batean ZIU baten benetako funtzionamendua erreproduzitzeko eta, simulazio ingurune batean, medikuek pazienteen ospitaleratzeak eta altak kudeatzen dituztenean hartzen dituzten erabakiak aztertzeko, batez ere ZIUko oheen okupazio handiko egoeretan.
Laida Esparza Artangaren CV laburra
Laida Esparza Artanga Medikuntzan graduatua da, eta medikuntza intentsiboko espezialitatea du Nafarroako Ospitalean (egungo Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa). Medikuntza intentsiboko mediku espezialistaren lanetan aritu zen hainbat osasun zentro pribatu zein publikotan, eta 2019tik gaur egun arte Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuan lan egin du.
2011z geroztik, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailarekin lankidetzan dihardu, osasun arloko baliabideen kudeaketa eta erabakiak hartzea hobetzeko, eta, zehazki, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU). Zehazki, Laida Esparza DECYL (Data, Statistics, Quality and Logistics) ikerketa taldeko kidea da eta q-UPHS (Quantitative Methods for Uplifting the Performance of Health Services, www.unavarra.es/quphs) zentrokoa, zeinak teknika kuantitatiboen bidez osasun zerbitzuak hobetzen baititu.
Ikerketa-jarduerari dagokionez, aipatzekoa da honako hauetan parte hartu duela: 6 liburu, nazioarteko aldizkari zientifiko indexatuetako 18 argitalpen (horietako10 tesiarekin lotutakoak), nazioarteko biltzarretako 39 txosten eta komunikazio (19 tesiarekin lotutakoak) eta estatu mailako biltzarretako 110 txosten eta komunikazio (30 tesiarekin lotutakoak).
Argazkia: Laida Esparza, NUPeko Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi aretoan.