MARIA FUENTES: HELDU DA OSASUNGINTZAREN DESEGITEAREN NEGUA

 

Bazirudien, hauteskunde-kanpaina luze baten ondoren, non gehiengoak osasungintzaren salbaziorako berme bezala aurkeztu zuen bere burua, aldaketak etorriko zirela udazken honetan. Hala ere, negua heldu da, eta ezer gutxi aldatu da hemen. Eta gutxi diot, hilabete hauetan prentsan hitz egin den gauzarik garrantzitsuena osasun-ituna izan delako. Ezaugarritzat ziurgabetasuna eta zehaztasun falta dituen proposamen bat; eta, oraingoz, pazienteentzat zein langileentzat etorkizun hobe bat iragartzen ez duena, hain zuzen. Horrez gain, Osakidetzako hauteskunde sindikalak ere ikusi ditugu. Baten bati deigarria irudituko zitzaion langileen parte-hartze txikia azken horietan, beharbada, euren programako eredu-proposamen faltarengatik, edo osasun-arloan denak berdin jarraitzen duelako.

Eta zer esan nahi dudan denak berdin jarraitzen duela esaten dudanean? Bada, duela hilabete batzuk lehen mailako arreta indartzeari edo zentro guztiek mediku nahikoa izango zutela bermatzeari buruz hitz egin zuten bitartean, osasungintzaren desegiteak eta kolapsoak egunerokotasunaren parte izaten jarraitzen dutela. Itxaron-zerrendak areagotzen ari dira, familia-medikuak eta pediatrak falta dira, ez dago horiek ordezkatzeko langile nahikoa, EAG batzuk ixten ari dira, edo erizainen arretarekin soilik mantentzen ari dira irekita.

Egoera hori guztia mahai gainean egon arren, Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak aste honetan iragarri du, 2025etik 2030era bitartean, 120 milioi euro inbertituko direla eta 358 plaza gehiago izango dituela osasun-arretak. Aurretik onartuta zegoen Lehen Mailako Arretako Estrategiaren barruan sartzen dira neurri horiek. Hala ere, ez du zehazten medikuak nondik aterako dituen, eta datuek ez dute bere alde egiten. Osasungintza publikoaren eta osasun-administrazioaren espainiar estatuko elkartearen azterlan baten arabera, lehen arretako medikuen %45 dira 55 urtetik gorakoak, eta 2021etik 2023ra bitartean aurreikusi zuen urtean 2.650 familia-medikuk erretiroa hartuko zutela. Are gehiago, ikerketa batzuek diote ez dela ordezkorik egongo horientzat guztientzat. Beraz, adierazpen horiek gaur egungo osasun-sistemak dituen arazoak konpontzeko ezintasuna besterik ez dute erakusten.

Egoera orokorra talmalgarria izan arren, sailburuak esan du Gasteizko San Martingo EAG otsailean irekiko dutela berriz. Ez dira alferrik izan 2019an zentroaren itxieraren kontra egindako mobilizazio ugariak, eta osasungintza unibertsal eta kalitatezko baten aldeko borondatea bizirik dagoelako seinale dira OPAren kontzentrazioak. Hala ere, joera orokorra kontrakoa da, eta horren adibide da ixteko arriskuan dagoen Amara Berriko EAG.

Beraz, zuhur jokatu behar dugu datozen hilabeteetan, osasungintza aldatzeko promesa eta proposamen berriei buruz hitz egiten digutenean. Proposamen horiek ez dute inola ere kontuan hartuko osasungintzak krisi kapitalistaren aurrean jasaten duen egiturazko arazoa eta horrek dakarren berehalako desegitea. Datorrenari adi egongo gara, eta bitartean, osasungintza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa lortzeko borrokan jarraituko dugu.

 

Iturria:

https://gedar.eus/ikuspuntua/heldu-da-osasungintzaren-desegitearen-negua

https://gedar.eus/ikuspuntua/

https://gedar.eus/etiketa/Osasungintza