JAVIER BEAUMONT IRIARTE

 

Javier Beaumont Industria Ingeniaritzako tituludunak irabazi du NUPeko energia berriztagarriei buruzko X. poster lehiaketa

Beste egresatu bat, María Mina ingeniaria, bigarren postuan sailkatu zen APERNA elkarteak antolatutako lehiaketa batean

 

Javier Beaumont Iriarte Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzan masterdunak irabazi du energia berriztagarriekin lotutako gradu eta master amaierako lanei buruzko X. poster lehiaketa. Antolatzailea APERNA izan da, Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea, lotura estua baitauka erakunde akademikoaren Energia Berriztagarrien Katedrarekin. Saria 300 eurokoa da. Bestalde, María Mina Urbiola, NUPeko Industria Ingeniaritzako masterduna, bigarren postuan sailkatu zen, eta 150 euroko saria eman diote.

Saridunak potentzia-bihurgailu elektroniko baten kontrolari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen. Gailu hori energia elektrikoa hornitzeaz arduratzen da zenbait prozesutan erabiltzeko, hala nola elektrolisia, zeina ura erabiliz hidrogenoa ekoizteko oinarria baita. NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC)[1] ikertzaile eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle hauek zuzendu zuten irabazlearen master amaierako lana: Alfredo Ursúa Rubio katedraduna eta Ernesto Barrios Rípodas irakaslea.

María Minaren master amaierako lanaren[2] kasuan, urrutiko inguruneetako zaintza bolkanikoko sistemetarako energia iturri gisa sorgailu termoelektrikoak bideragarriak direla frogatzea xede duen proiektu batean integratzen da. Urte hasieran, ISC Institutuko Ingeniaritza Termikoaren eta Fluidoen Ikerketa Taldeak [3] sorgailuak instalatu zituen Decepción uharteko Gabriel de Castilla basean (Antartika). Haren lana zentratu zen monitorizazio sistema bat diseinatzen, sorgailuek muturreko baldintzetan nola funtzionatzen duten ebaluatzeko. Ingeniaritza Saileko eta ISC Institutuko bi irakaslek zuzendu zuten proiektua: Leyre Catalán Ros irakaslea eta David Astrain Ulibarrena katedraduna.

 

Lehiaketaren finalistak

Bi irabazleez gain, honako hauek izan ziren finalistak, egindako titulazioa adierazita: Xabier Herrera Lizarraga (Gradua Industria Teknologien Ingeniaritzan), Andrés Moro Duarte (Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan) eta Iñaki Orradre Fernández (Unibertsitate Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa).

Sarien edizio honetako epaimahaia osatu zuten ISC Institutuko bi ikertzailek (Irantzu Erro Iturralde Ingeniaritza Saileko irakasleak eta Javier Samanes Pascual Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak) eta Mikel Rico Abajo Vors Control enpresa teknologikoko[4] ingeniariak. Enpresa hori NUPeko “spin-off” bat da.

Lehiaketaren helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea zen, beren gradu amaierako edo master amaierako lanen laburpena den poster bat prestatuz. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak diruz lagundu du jarduera ikasle-elkarteentzako laguntzen deialdiaren barruan.

APERNA elkarteak antolatzen du lehiaketa, eta haren helburua da energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, Unibertsitateko Energia Berriztagarrien Katedrarekin[5] egiten du lan, ikasleek parte hartzeko jarduerak antolatzeko.

 1. argazkia: Finalistak eta epaimahaikideak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: María Mina (2. saria), Iñaki Orradre (finalista), Andrés Moro (finalista), Javier Samanes (epaimahaikidea), Irantzu Erro (epaimahaikidea), Mikel Rico (epaimahaikidea), Javier Beaumont (1. saria), Xabier Herrera (finalista) eta Iñigo Pascual (APERNAko lehendakariordea).

2. argazkia: Xabier Herrera, finalista, azalpenak ematen epaimahaiaren aurrean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html

[2] https://academica-e.unavarra.es/entities/publication/b36918af-e6d7-4fd4-84bb-7ecd496b72d4

[3]https://www.unavarra.es/eu/sites/actualidad/contents/noticias/2024/02/02/energia_geotermica_antartida.html

[4] https://vorscontrol.com/

[5] https://www.unavarra.es/catedra-energias-renovables/?languageId=100001