Elikagaien industriako azpiproduktuetan eta basoko fruituetan oinarritutako konposatu bioaktiboen erauzketa aztertu du bere tesian
Danielle Pires elikagaien ingeniariak NUPen egin du doktoretza-tesia “Iberus Talent” programaren bidez eta EBk partzialki finantzatuta
Danielle Pires Nogueira elikagaien ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egindako doktoretza-tesian aztergai izan du nekazaritzako elikagaien industriako azpiproduktuetan eta basoko fruituetan oinarritutako konposatu bioaktiboen erauzketa, elikagaien industrietan eta nutrazeutikan izan dezaketen erabilera aztertzeko. Carmen Ancín Azpilicueta NUPeko Kimika Analitikoko katedradun eta INAMAT2 ikerketa-institutuko kideak, Isabel Odriozola Serrano Lleidako Unibertsitateko irakasleak eta Emma Cantos Villar Elikagaien eta Arrantzaren Ikerketa eta Prestakuntza Institutuko ikertzaileak zuzendu dute doktoretza-tesia.
NUPeko doktore berriak azaldu duenez, elikagaien industriako azpiproduktuak kopuru handitan sortzen dira eta azpierabili egiten dira. Hori dela eta, produktu horiek aprobetxatzeko forma berritzaileak bilatu ziren, balio ekonomikoa sortzeko. Zehazki, ikerketak honako hauek jaso zituen: eskaramujo-estraktuak digestio-sisteman duen portaeraren simulazioa, tipula-azalaren estraktuaren ebaluazioa zelula kantzerigenoen suntsipenean, eta ardogintzan sulfitoen ordez mahats-arrasparen estraktua erabiltzeko aukera. “Hasierako emaitzak oso itxaropentsuak izan ziren arlo horietan aplikatzeari dagokionez”, adierazi du ikertzaileak.
Danielle Piresek NUPen egin zuen doktoretza-tesia, Campus Iberus unibertsitateen partzuergoko talentua erakartzeko “Iberus Talent” deialdiari esker. NUPek eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimena da (Marie Sklodowska-Curie programaren barruan, zeinak ikertzaileek prestakuntza jasotzeko eta mugikortasun egonaldiak egiteko hainbat ekintza biltzen baititu).
Danielle Pires Nogueiraren CV laburra
Danielle Pires elikagaien ingeniaria da Goiáseko Unibertsitate Federalean (Brasil) eta Ingeniaritza Kimikoko Masterra du. Esperientzia du bai industrian eta bai hezkuntzan. Bere ibilbide profesionalean, Kaizen eta Lean Six Sigma proiektuetan lan egin du, eta, horrez gain, prozesuen kontrol estatistikoa kudeatu eta ISO 9001, ISO 14000 eta AIB arauetarako barne auditoriak egin ditu. Masterra egiten ari zela, bioerregaien arloko esperimentuen diseinu estatistikoan espezializatu zen.
Danielle Pires tutorea eta irakaslea izan da Industria Ikaskuntzako Zerbitzu Nazionalaren (SENAI) Elikagaien Teknologiako programan, eta zeharkako irakasgaiak eman ditu beste ikastaro batzuetan.
Argazkia: Danielle Pires Nogueira, NUPen.