MARIO QUINTANILLA PINEDA

 

 

Ostadar-amuarrainaren akuikulturan ohikoak diren gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko produktu natural bat garatu du bere tesian

Mario Quintanilla albaitariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere ikerketa

Mario Quintanilla Pineda albaitariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian produktu natural bat garatu du. Produktua prest dago merkaturatzeko, eta ostadar-amuarrainaren akuikulturan ohikoak diren gaixotasunak prebenitzea eta tratatzea du xede. Florencio Marzo Pérez NUPeko Animalien Fisiologiako eta Nutrizioko katedradun jubilatuak zuzendu du ikerketa. Erakunde akademikoko IS-FOOD institutuko ikertzailea ere bada Marzo.

Tesian garatutako produktua posbiotiko bat da. Konposatu horiek mikroorganismoek askatzen dituzte hazten ari diren bitartean, eta frogatu dute eraginkorrak direla amuarrainei eragiten dieten patogenoak inhibitzeko, hala nola forunkulosiaren eta yersiniosiaren gaixotasunak eragiten dituztenak.  “Proiektu hau erronka teknologiko eta berritzailea izan da, eta uste dut akuikultura eraldatzen ahal duela, antibiotikoen erabilerari alternatiba natural eta ekonomiko bat eskainita. Hori bereziki garrantzitsua da antibiotikoekiko erresistentzia kezka globala den une batean, ez bakarrik animalien osasunarentzat, baita gizakien osasunarentzat eta ingurumenarentzat ere”, azaldu du tesiaren egileak.

Mario Quintanillak azaldu duenez, Costa Ricako unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin lankidetzan jarduteko aukera izan du. “Baterako ahalegin horri esker, askotariko material biologikoa bildu genuen, eta horrek gure ikerketa aberastu eta produktua ikertzeko eta garatzeko bakterio banku bat sortzea ahalbidetu zuen”, esan du.

Esperimentu eta proba askoren ondoren, ikerketaren egileak patogenoei aurre egiteko gaitasun handia zuten mikroorganismoak hautatu zituen, eta gero postbiotikoak ekoizteko erabili zituen. “Produktu horiek eraginkorrak ez ezik, egonkorrak ere bazirela erakutsi zuten hainbat baldintzatan, eta horrek erraztu egin zuen maila industrialean eskalatzea”, adierazi du.

Azkenik, ikertzaileak produktua gehitu zion ostadar-amuarrainen dietari, eta, azaldu duenez, emaitzak oso pozgarriak izan ziren: hobetu egin zen arrainen hesteetako osasuna, erantzun immune sendoagoa izan zen, eta erresistentzia handiagoa jarri zitzaien gaixotasunei. “Produktu berri hori, guztiz naturala eta ostadar-amuarrainarentzat espezifikoa, merkaturatzeko prest dago”, ondorioztatu du tesiaren egileak.

 

Mario Quintanillaren curriculum laburra

Mario Quintanilla albaitaria da, Akuikulturaren Zientzietan espezializatua, Bartzelonako Unibertsitatean. Albaitaritzako Medikuntzan lizentziaduna eta zooteknista da El Salvadorko Unibertsitatean.

Bost urte baino gehiagoko esperientzia du nekazaritzako elikagaien eta farmaziako industriaren ikerketan eta garapenean, eta hainbat ekarpen egin ditu argitalpen eta komunikazio zientifikoetan. Prestakuntza jaso du elikagaien zientzietan eta mikrobiologian, eta arlo horietan lan egin du produktuen segurtasuna eta kalitatea optimizatzeko, esperimentu berritzaileak diseinatuz. Esperientzia du proiektuen kudeaketan, diziplina anitzeko taldeak gidatzen eta giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzen, helburuak betetzeko.

Laborategiaren esparruan, protokolo eta prozedura berriak garatu eta ezarri ditu, eta emaitza azkar eta eraginkorrak lortu ditu nekazaritzako elikagaien sektorean erronka zehatzei irtenbidea emateko. Bere esperientzia baliabideak kudeatzeko eta antolatzeko gaitasunekin osatzen da.

Baditu argitalpen zientifikoak eta aurkezpenak nazioarteko kongresuetan, guztiak ere egile nagusi gisa. Egonaldi eta lankidetza ugari egin ditu ikerketa-zentro publiko eta pribatuetan, nazioartean.

 

Argazkia: Mario Quintanilla, NUPeko doktore berria.