Maite Barguilla eta Nuria Villanueva, enpresa familiarreko ikasketen amaierako lan hoberenen “ex aequo” lehen saria
Sariak duela gutxi eman ziren NUPeko Enpresa Familiarraren Kudeaketako Unibertsitateko Espezialista tituluaren irekieraren esparruan
Maite Barguilla Sanclaudio eta Nuria Villanueva Arguiñano Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko egresatuek “ex aequo” irabazi dute enpresa familiarrarekin lotutako ikasketen amaierako lan hoberenaren saria (masterra eta gradua). Sariak duela gutxi banatu ziren Enpresa Familiarraren Kudeaketako Unibertsitateko Espezialista tituluaren ikasturte berriaren irekieraren esparruan. Lucía Garcés Galdeano NUPeko Enpresa Familiarraren Katedrako zuzendariak zuzentzen du titulua. Lehen saria 600 eurokoa da, eta sarituei erdi bana emanen zaie.
Lucía Garcés irakasleak zuzendu du Maite Barguillaren lana. Lanak ondorioztatzen du ingurumen eta gizarte arloko praktika jasangarriak dituzten enpresek berrikuntzarako gaitasun handiagoa dutela. Hori are nabarmenagoa da enpresa familiarretan, familiarrak ez diren enpresek baino hobe kapitalizatzen baitituzte praktiken onurak. Analisiak aztergai du nolako eragina duten ESG irizpideek (ingurumen, gizarte eta gobernantza arlokoak) berrikuntzan, eta nabarmentzen du epe luzerako orientazioak eta balio familiarrekiko konpromisoak harreman hori sendotu eta gaitasun berritzailea indartzen dutela.
Bestalde, Lucía Garcés Galdeanok eta Ana Lucia Caicedok zuzendutako lanean, Nuria Villanuevak aztergai ditu aberastasun sozioemozionalaren sorkuntzan espiritu ekintzaileak belaunaldietan zehar izan duen zeregina eta enpresa familiarrarentzat berrikuntza-prozesuan dituen inplikazioak. Horretarako, kasu baten azterketa egin zuen Nafarroako enpresa batekin elkarrizketen eta dokumentu-azterketaren bidez. Datuen analisian gaikako analisiaren eta gorabehera kritikoen teknika erabili zen. Lanaren ekarpen nagusia da ulertzea espiritu ekintzailea transmititzea ezinbestekoa dela berrikuntzarako eta enpresa familiarrean belaunaldien artean aberastasun sozioemozionala mantentzeko. Horrekin bermatzen da enpresa familiarrak bizirik iraunen duela epe luzerako lehia-testuinguru batean.
Sari-banaketa eta titulu berekiaren irekiera-ekitaldia
Sari-banaketa titulu berekiaren irekieran egin zen, eta Jon Benito Ostolaza Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen buru, eta honako hauek ere parte hartu zuten: Patricia Fanlo Mateo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Iñaki Ecay ADEFANeko presidentea eta Bernat Lizaso ADEFANeko Gazteen Forumeko burua. Katedra eta hura babesten duten entitateen ordezkari gisa parte hartu zuten Lucía Garcés zuzendariak eta Pablo Cámarak Sonagarren izenean eta Sonia Olórizek eta Marta Butragueñok ARPA Abogados Consultoresen izenean. Diego Oliver Enhol taldeko bi zuzendari nagusietako bat izan zen aitabitxia.
Ekitaldian adierazi zen bezala, enpresa familiarrak “oso garrantzitsuak dira Nafarroarentzat”, eskualdeko ehun produktiboaren % 86 direlako; Foru Komunitateko BPGaren % 50 baino gehiago eta tokiko enpleguaren % 65 sortzen dute.
Argazkia: Irabazleak, sari-banaketan. Ezkerretik eskuinera, lehenbiziko lerroan: Jon Benito Ostolaza (dekanoa), Fanlo kontseilaria, Maite Barguilla, Nuria Villanueva (irabazleak). Bigarren lerroa, ezkerretik eskuinera: Diego Oliver Enhol taldearen zuzendari nagusia; eta Iñaki Ecay ADEFANeko burua.