Haurtzaroko esperientzia txarren eta helduaroko adikzioen arteko harremana, NUPen irakurritako tesi batean aztergai
Leire Leza psikologoak traumatikoak izan daitezkeen gertaerek pertsonen garapen fisiko eta mentalean duten eragina aztertu du
Leire Leza González psikologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza-tesiak aztergai du esperientzia txarren (gurasoen tratu txarrak, arduragabekeria edo substantzien kontsumoa, besteak beste) arteko lotura eta horiek helduaroko adikzioen garapenarekin izan dezaketen lotura. Ikerketa artikulu zientifikoen bildumaren modalitatean argitaratu da (3), eta Javier Fernández Montalvo eta José Javier López Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleek zuzendu dute.
Doktoretza-tesian, ikertzaileak ondorioztatu du haurtzaroko esperientzia txarrak nagusi direla mendekotasun-arazo batengatik tratamenduan dauden pertsonen artean. Gainera, esperientzia horiek eragin metatzailea dutela erakusten du, hau da, zenbat eta handiagoa metatutako esperientzien kopurua, orduan eta handiagoa nahasmendu horren larritasuna. Eta, azkenik, adierazi du beharrezkoa dela haurtzaroko esperientzia txarren ebaluazioa eta tratamendua adikzioetarako esku-hartze programen barruan egotea.
Zehazki, doktoretza-tesirako elkarrizketatu diren mendekotasun-nahasmenduak jotako 215 lagunetatik % 80k egoera txar bat bizi izan dute bizitzako lehen urteetan. “Esperientzia txarrei dagokienez, presentzia edo absentzia garrantzitsua izateaz gain, metatutako esperientzia kopurua larritasun handiagoarekin lotu da. Gure kasuan, lagunen erdiek (% 54,4) 3 esperientzia edo gehiago izan zituzten bizitzako lehen 18 urteetan”, esan du tesiaren egileak.
Leire Lezak azaldu duenez, esperientzia txar nagusienen artean honako hauek daude: gurasoek alkohola eta/edo beste droga batzuk kontsumitzea, arduragabekeria fisikoa (oinarrizko beharrak ez asetzea, hala nola elikadura, higienea, hezkuntza eta abar), etxeko indarkeria, gurasoen arteko indarkeria fisikoa eta/edo hitzezkoa ikusi izana, eta tratu txar emozionala edo ingurune gatazkatsu batean hazi izana, non oihuak, irainak edo umiliazioak behin eta berriz sufritu diren.
“Metatutako esperientzia kopurua larritasun handiagoarekin lotzen delako ideia aipatuz, azterlan honetan 3 esperientzia edo gehiago izan zituztenek profil larriagoa zuten”, adierazi du NUPeko doktore berriak. “Zehazki, lan, familia eta gizarte arazo eta arazo psikiatriko handiagoak zituzten, eguneroko bizitzara egokitzeko arazo handiagoak, sintomatologia psikopatologiko handiagoa eta bizitzan jokabide suiziden tasa handiagoak (bai asmoei, bai ahaleginei dagokienez), esperientzia bat edo bi zituzten gainerako lagunekin edo esperientzia txarrik izan ez zutenekin alderatuta”, zehaztu du.
Tratamenduak bertan behera uztea eta tratu txarren prebalentzia
Leire Lezak adierazi du ikerketa eragin zuten funtsezko bi arrazoi egon zirela. Lehenik eta behin, adikziorako tratamenduen uzte-tasak: mendekotasun-arazo batengatik tratamendura joaten direnen % 30-35 inguruk utzi egiten dute amaitu aurretik. “Hori kezkagarria da, badakigulako tratamendua amaitzea arrakastaren faktore nagusietako bat dela”, adierazi du.
Bigarrenik, pertsona horiengan bizitzan izandako tratu txarren historien prebalentzia handia dago (fisikoa, psikologikoa eta/edo sexuala). Datu garrantzitsua da orobat “pertsona horiek tratatzeko arrazoia ez baitira tratu txarren kasuak, adikzioaren arazoa baizik”, adierazi du ikertzaileak eta psikologoak. Ikerketa taldeak egindako azken azterketak erakutsi zuen tratu txarren kasuen % 60 baino gehiago haurtzaroan gertatzen zirela. “Horrek bultzatu gintuen gaiari buruz ikertzera eta horrela sortu genuen haurtzaroko esperientzia txarren kontzeptua. Kontzeptu berri bat da nazioarteko bibliografia zientifikoaren esparruan”, adierazi du tesiaren egileak.
Haurtzaroko esperientzia txarrak haurtzaroan eta nerabezaroan traumatikoak izan daitezkeen gertaerak dira, eta pertsonen garapenean eta osasun mentalean eta fisikoan ondorio negatiboak izan ditzakete.
Leire Lezaren CV laburra
Leire Leza González Psikologian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (2014-2018), eta Osasunaren arloko Psikologia Orokorreko Unibertsitate Masterra egin zuen (2018-2019).
2019an, proiektuko laguntzailearen lanetan hasi zen NUPen, eta Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia ikerketa-taldeko kidea izan zen. 2021ean, doktoretza-ikasketak hasi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-aurreko kontratu bati esker.
Argazkia: Leire Leza, NUPen.