Udaberriko gau bero honetan, kostaldeko apartamendu aberatsera, Miren etorri zen, bere apartamendutik itzulia. Brigadier batek laguntzen zuen, zuhurtasunik handienarekin, pistola eskuan, tiro egiteko prest.
Miren oraindik serioski inarrosia zegoen. Bere apartamendua zein bandalismoarekin erdi suntsitua izana zela ikusirik, Ekaitz senar ohiaren errabiara ikaratzen zen. Ekaitz berriz topatuko balu, Mirenek bizirik ez zuela luzaz iraunen ziurtasuna, zirimoletan itzultzen zen bere burmuinean.
– A, Mikel, izugarria da! Ezinen duzu Ekaitz madarikatu horrek nire apartamenduan egin zuena sinetsi! —Mirenek, ahots dardartiez, malkoak begietan.
– Miren, lasai, gurekin segurtasunean zara. Ekaitz hori, ez dugu sartzen utziko. Hemen dagoen brigadierra armatua dela gure defenditzeko badakizu! Eta horregatik hemen geldituko zarela egun batzuetan, poliziak Ekaitzen aurkitze eta atxilotze denbora ukan dezala, ezta?
– Bai, bai Mikel, milesker nire babesteagatik. Baina ikusi beharko zenituzke tiradera hustuak, zorura igorriak, baxera eta jantziak zoko guztietan barreiatuak. —Mirenek, orain haserre doinuarekin.
– A gaixoa! Etxebizitzarik gabe zoaz orain! Eta nire hobena da! —Mikelek.
– Ez Mikel, ez! Eroa da gizon hau! Hori da! Eta ez dut bukatu: altzariak hankaz gora bota zituen, nire paperak denetan ere, kuxin eta bururdiak urratu, baso eta beste zoruan edo hormen kontra hautsi.
– Baina asurantzatik berritze kostuak kobratuko dituzu, ziur aski. —Aletxak, kontsolatzeko nahian.
– Agian bai, Aletxa! Baina txarrena oraindik ez dakizue, zuk eta Mikelek. Hormetan letra handietan tindu gorriko espraiz margotuak ziren irainik txarrenak eta zikinenak: urdanga, puta zikina, etab. —Mirenek, berriz ere negar zotinka— Horrez gain, hormetan kolatuak, baziren argazkiak: ni bizikletaz lanera eta etxera, ni Mikelekin bulegoko aparkalekuan, nik Mikeli irribarre egiten, ni Mikelen eraikinean sartzekoan, Mikel bizikletaz biribilgunean, bultzadaren aurretik, hegaldaka eta lurretan eroria baita haren eraikinaren aparkalekuan sartzeko prest ere. Eta nire izua handitzeko, Mikelen argazki denetan X gorri bat marraztua zen haren aurpegian.
– Ai, ai, ai, zer eginen dugu? —Aletxa eta Mikelek ia istant berean, ia ahots batez.
– Aizue, jaun-andreak! Galdaniz inspektorea badator —brigadierrak— Andrearen apartamendutik dator eta egoera zuekin aipatu nahiko luke. Baita plano estrategikoa ere marraztu, berant izan arren. Adosten bazarete, bistan da. Zer erantzun behar diot, otoi?
– Baietz, etor dadila ! —Miren, Aletxa eta Mikelek ia istant berean, berriz ere ia ahots batez.
Bost minuturen barne, Galdaniz inspektorea apartamenduan sartua zen eta Miren eta Mikelekin egon gelan eseririk mintzatzen hasi zen.
– Ikusi berri dut Mirenen apartamendua. Zuek ere, Mirenek kontaturik, Aletxa eta Mikel jadanik jakinaren gainean zaudetela asmatzen dut. —Galdanizek, aurpegia iluna, ahotsa serios-seriosa.
– Bai Zigor. Badakigu zein egoeratan Mirenek aurkitu duen apartamendua. —Mikelek.
– Beraz, polizia zientifikoa han neurri eta lagin guztiak hartzen ari da. Jadanik Ekaitzen hatz-aztarnak aurkitu dituzte. Ez da dudarik haren presentziari buruz. Beste hatz-aztarnak ere aztertzen ditugu. Bakarrik ez zela desmasia hauek guztiak hain denbora labur batean egiteko orain susmatzen dugu. Halere, frogatzekoa da. Mikel, eskertzen zaitugula etxean Mirenen hartzeagatik, erran behar dizut. Leku gutxi dugu jendea babesteko eta brigadierrak are gutxiago. Baina, egoera horretan ez gelditzeko, zerbait antolatu behar dugu elkarrekin. —Galdanizek.
– Bai baina zer egin dezakegu Ekaitz hirian libre bizi deno? —Mirenek urduri.
– Hauxe elkarrekin erabaki behar dugu. Ekaitz hori, gizon bortitza dela badakigu. Baina ez da horregatik zozoa: badaki nola bere burua kukutzen. Mirenen kaleko zaintza kamerek grabatu zuten irudietan ez da haren aurpegia batere agertzen. Nornahiren jantziak eta ibilmoldea ditu. Ziur aski nortasun faltsuarekin hemen bizi da. Horregatik hura harrapatzeko eta atxilotzeko zepo edo tranpa bat antolatu behar diogu. Klasikoena da beitarena. Beitak hitzordu bat emanen dio, badugun haren telefono zenbakiaz. RAIDen gizonak hitzordu lekuaren inguruetan izanen dira, hura atxilotzeko prest. Arazo bakarra da gure gizonari interesatuko zaion beita! RAIDarekin egoera analisi eginik, Miren da hirian interesatzen zaion pertsona bakarra. Mirenengatik hemen dago. —Galdanizek.
– Beldurtzen gaituzu, Zigor! —Aletxak— Bere borreroa topa dezan galdetzen diozu Miren gaixoari! Horrez gain, zure planoan non da bigarren BMW erraldoia? Eta gidatzen zuena ere, nor ote da eta non ote da? Beste aterabidea proposatzen dizut, Zigor.
– Dena belarri nago, Aletxa! Zein aterabide duzu? —Galdanizek.
Aletxak erraldoiarenekiko aterabidea proposatu zion Zigor Galdanizi. Ekaitz harrapatuko bazuen poliziak, presondegiak beteak ziren eta auzo lana eta eskumutur elektronikoa emanen zizkion epaileak. Ziur aski berriz ere ez luke urruntze agindua errespetatuko. Sare ez-sozialetan Ekaitzen burua galdua zuen erraldoiarekin lotura agertu eta kito. Modu berean islamiarrek garbituko zutela uste zuen.
Besteek uko egiten dute, legez kanpokoa delako: demokrazia batean ez du inork berez etsaiaz mendekatzen.
Mikel Aletxaren salatzeko prest dago baina gogoratzen zaio bere inplikazioa eta bere mihia ausikitzen du oihu batekin.
– Atx! Aiei! —Mikelek— Mekatxix! Zein astoa! Ausiki dut mihia!
– Eta morfinarekin min egiten ote dizu? —Mirenek, laguntzeko nahian.
– Bada, dosiak murrizten hasi nintzen bart, adikzioan ez erortzeko! —Mikelek— Baina hori ez da gaia! Ez dugu legez kanpo ibili nahi!
– Miren, Aletxa, Mikel, ez dakizuen zerbait ikusi dugu Mirenen kaleko zaintza bideoen aztertzeaz. Baina ez dizuet oraindik errateko denborarik ukan! —Galdanizek, pixka bat zainetan— Suntsiketak eta mehatxuak eginik, eraikinetik ateratzen ikusi genuen gizona BMW erraldoi batean sartu zen eta abiatu. Ezin dugu matrikula ikusi baina BABen zure aurrean zenuena, Mikel, ospitaletik itzultzen zinenean, berdin-berdintsua zen. Beraz orain, deitzen genuen bigarren taldea agian Ekaitz baizik ez da.
– Zigor, onartzen dut zure planoa! —bat-batean Mirenek, biziki deliberatua— Ez naiteke hemen geldi, Ekaitzen preso gisa, ezer ez egitearekin, Ekaitz ustekabean harrapa dezazuela itxoiten, noiz ez dakigularik!
Aletxa eta Mikel, zur eta lur, hitzik gabe gelditu ziren eta Zigor Galdaniz laster lanera eta zepoa jartzen abiatu zen.
2024/04/02
“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (79. zenbakian)