Koloneko minbiziaren sailkapena eta ondorengo tratamendua hobetzeko moduak ikertu ditu bere tesian. Minbizi hori laugarren ohikoena da munduan
Irene Fernández de los Reyes medikuak bere doktoretza-tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan
Irene Fernández de los Reyes Anatomia Patologikoko mediku espezialistak koloneko minbiziaren sailkapena eta tratamendua hobetzeko moduak ikertu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Minbizi hori laugarren ohikoena da munduan. Tomás Belzunegui Otano Osasun Zientzien Saileko irakaslearen tutoretzapean egin du ikerketa, eta María Luisa Gómez Dorronsoro eta David Guerrero Setas Navarrabiomedeko ikertzaileek zuzendu dute.
NUPeko doktore berriak azaldu duenez, koloneko minbizia II-III estadioan (ez metastasikoa) dutenen kirurgia osteko maneiua parametro kliniko-patologikoetan datza, eta ez dute lortzen paziente horien pronostikoa zehatz-mehatz aurreikustea. “Gaixotasun honetan, badago sailkapen molekular bat (Adostasunezko Sailkapen Molekularra edo CMS) paziente horientzat, 4 pronostiko-taldetan. Hala ere, sailkapen hori ez da erabilgarria laguntza-praktiketan, kostu ekonomiko handia duelako eta teknikoki konplexua delako”, azaldu du Irene Fernandezek.
Bestalde, biologia molekularraren arloko aurrerapen teknologikoei esker minbiziaren biomarkatzaile berriak aurkitu dira. Adituak zehaztu duenez, minbiziaren esparruan gaur egun garatzen ari diren eremuetako bat alterazio epigenetikoen azterketa da, eta, bereziki, adierazpenean alterazioa duten geneen metilazio anormalaren analisia. Testuinguru horretan, doktoretza-tesi honen helburu nagusia izan da koloneko minbizia II. eta III. estadioetan duten pazienteentzako praktika klinikoan baliagarriak diren biomarkatzaile pronostikoak aurkitzea, tumore horren karakterizazio falta konpontzen laguntzeko. Praktika klinikoan erabilgarria den algoritmo bat ezarri da ikerketan. Bere pronostikoaren arabera sailkatzeaz gain, tratamendu pertsonalizatua errazten du, eta tratamendu lagungarria planifikatzen lagun dezake.
Irene Fernándezen CV laburra
Irene Fernández de los Reyes Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Kirurgiako lizentziaduna da, eta Anatomia Patologikoko espezialitatea egin zuen Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Ikerketa medikoarekin eta medikuntza pertsonalizatuarekin lotutako hamar ikastaro eta mintegi baino gehiago egin ditu. Egun, arloko mediku espezialista da aipatu ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzuan eta irakasle elkartua NUPeko Medikuntzako Graduan.
Bere tesiari dagokionez, nazioarteko argitalpen baten egilea da, eta tesiarekin lotutako beste hiru lan aurkeztu ditu nazioarteko kongresuetan. Tesiarekin lotutako bi ikastaro espezializatu ere eman ditu. 2019an, poster onenaren saria jaso zuen REFBIOren amaiera jardunaldian (Pirinioetako Ikerketa Biomedikorako Mugaz Gaindiko Sarea).
Kolon eta ondesteko minbiziari buruzko bi ikerketa-proiektutan hartu du parte. Horietako bat Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantzatu du, eta bestea, Nafarroako Gobernuak.
Argazkia: Irene Fernández, NUPen.