NUP: HAPTIKA, ERREALITATE BIRTUALA, ADIMEN ARTIFIZIALA

 

NUPek ekitaldi teknologiko bat antolatu du haptikan, errealitate birtualean eta adimen artifizialean interesa dutenentzat

Touchless eta InteVol europar proiektuek finantzatzen dute, eta doako jarduera bat da teknologia horiek probatzeko

 

Otsailaren 4an, “Haptics Demo Velada” ekitaldi teknologikoa eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Nazioarteko enpresek eta ikerketa-taldeek errealitate birtualarekin, adimen artifizialarekin eta haptikarekin (ukimena aztertzen duen zientzia) zerikusia duten teknologiak erakutsiko dituzte. Touchless eta InteVol europar proiektuek finantzatzen dute jarduera, eta NUP da proiektu horien burua.

Besteak beste, University Collegue London-eko (Erresuma Batua) eta Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) zenbait ikerketa-talde izanen dira, bai eta UltraLeap Ltd. eta SoftServe Inc. enpresak ere. “Ikustekoa edo entzutekoa dena etxean esperimentatzen ahal da, baina teknologia haptikoak probatzeko haiek ukitzera etorri behar da”, esan du Asier Marzo ekitaldiaren antolatzaileak. NUPeko irakasle eta Smart Cities institutuko ikertzailea da. “Bideojokoek ikusten denari eta soinuari ematen diote garrantzia, eta orain haptikan, esaterako, errepidean gidatzea edo tiroak gorputzean fisikoki sentitzeari. Haptika alderdi emozionalera ere iristen da, eta atxikimendua sortzen ahal du edo ingurune birtualetan kontrola dugula sentiarazten ahal digu”, gehitu du Elodie Bouzbib NUPeko haptikako ikertzaileak.

Ekitaldia 17:00etatik 19:00etara eginen da Sarioko Fernando Remacha ikasgelan, doakoa da, eta hara joateko izena emateko inprimakia bete behar da, toki-kopurua mugatua baita. Teknologia haptikoetan eta errealitate birtualean interesa dutenentzat da batez ere, baina edozein titulaziotako ikasleak eta beste edonor ere joaten ahal dira.

 

Argazkia: Teknologia haptikoaren erakustaldi bat Ikertzaileen Gau Europarrean.