ERAKUSKETA: GABRIEL COCA

Ziudadelako Bolborategia. Urtarrilaren 24tik martxoaren 23ra. Erakusketa: GABRIEL COCA. FIGURAL.

Erakusketa honetan marrazki, collage eta pintura multzo bat erakusten da; ia berrogeita hamar pieza guztira, 2024an BilbaoArten izan nuen egonaldian eginak. Lan hau formari buruzko ikerketa baten emaitza da, hainbat material eta teknikaren bidez sortua.

Erakusketa aretoa bi zatitan banatuta dago. Lehenengoan, pinturaren aurreko ikerketa-fasea erakusten da; hormetako batean, mosaiko gisa, ikatz-ziriz egindako formatu txikiko 35 marrazki. Beste horma batean, collage triptiko bat, 100 x 70 cm-koa bakoitza, paper zuriz egina, offset urdineko inprimaketen gainean. Aretoaren bigarren zatian, formatu txiki, ertain eta handiko olio-pintura multzo bat dago. Erakusketa-muntaia honek produkzio-prozesuan egindako ibilbidearen berri ematen du.

Pinturan lan egiteko forma berriak bilatu behar ditudanez, collagera jotzen dut. Teknika honek aukera ematen dit modu azkarrean lan egiteko, hainbat ebakin-konbinazio probatzeko eta irudi baten bilaketan aukera desberdinak aurkitzeko.

Marrazkia lan-prozesuaren beste zati garrantzitsu bat da. Marrazki horien berezitasuna da collageen soberako ebakinak erregela gisa erabiliz egiten direla, imajinatu ezin ditzakedan lerroak marrazteko aukera ematen didan metodologia. Marrazkia espazioa pentsatzeko metodo gisa erabiltzen dut, arreta jartzeko eta pinturan lan egiteko behar ditudan forma horiek aurkitzeko.

Erakusketa, lan jakin batzuen azken emaitza erakusteaz gain, ikerketa-fasean sortutako materialaren zati handi bat jendeari hurbiltzen saiatzen da, ekoizpen artistikoaren prozesuari balioa emate aldera.