Jaime Eguaras Roa Lizarrako artistaren lana martxoaren hasierara arte egonen da ikusgai Arrosadiko campusean
Martxoaren 4ra bitartean, “Haragia eta Loreak. Edo (estetika ezpurua)” erakusketa egonen da ikusgai Sario eraikinean
Martxoaren 4ra bitartean, Jaime Eguaras Roa artistaren “Haragia eta Loreak. Edo (estetika ezpurua)” lana egonen da ikusgai Nafarroako Unibertsitate Publiko Arrosadiko campuseko Sario eraikinaren atondoan. Erakusketa 09:00etatik 21:00etara dago zabalik, eta Tuterako campusean bisitatzeko aukera izan dute.
Artistak azaldu duenez, proiektu honetan maskulinitatearen berriztapenaren eta berreraikitzearen inguruko gogoeta egiten du “Bajo la piel. Traslaciones y disonancias” aurreko lanarekin prozesu terapeutiko eta artistikoa egin ondoren. Bere proiektuan, Jaime Eguarasek artearen hainbat adierazpen erabiltzen ditu zenbait lengoaia erabiliz: eskultorikoa, argazkigintzakoa eta ikus-entzunezkoa.
Jaime Eguaras Roa
Jaime Eguaras Roak (Lizarra, 1968) 2021ean Arte Ederretako Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta lantzen dituen proiektu artistikoek lotura estua dute gizarte-hezitzaile gisa duen prestakuntzarekin. Maskulinitatearen ereduek edo migrazio politika faltsu eta ahulek sormen prozesuak sortzen dituzte. Ikus-entzunezko baliabideak, argazkigintza eta lengoaia eskultorikoa baliatzen ditu haiek gauzatzeko. Finean, “esparru poetiko-artistikoaren barnean eduki soziala duten proposamen metaforikoak” dira, artistak azaldu duenez.
Argazkia: Jaime Eguaras Roaren lana Tuterako campusean ikusgai aurreko azaroan.