Hogeita hamalaugarren Bertsoaroaren barruan sei jarduera antolatu dituzte otsailerako.
Gazteek eta beteranoek elkar hartuko dute hiru bertso-jaialditan, historiari tarte bat eskainiko diote, haurrendako lantegi bat eginen dute, eta bertso-afari batekin amaituko dute zikloa
Hogeita hamalaugarren Bertsoaroa eginen dute aurten, eta sei ekitaldi eginen dituzte, bertsolaritzak Iruñean duen indarraren erakusgarri. Jarduera guztiak doan dira, zikloa amaitzeko eginen duten bertso-afaria izan ezik, eta ez da izenik eman beharko, salbu eta haurrendako bertso-lantegian. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatu dute programa.
Bertso Trama bertsolari gazteen bertso-saioak emanen dio hasiera zikloari, otsailaren 4an, asteartearekin, 19:00etan, Kondestable Civivoxean. Bertsolari hauek abestuko dute: Aitor Ugarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Araitz Katarain, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Iratxe Legarra arituko da gai-jartzaile lanetan. Sarrera librea da, leku guztiak bete arte.
Bertso Jaialdia izanen da hurrengo ekitaldia, eta bi saio eginen dituzte: lehena, otsailaren 6an, ostegunarekin, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE). Bertsolari hauek hartuko dute parte, Ander Aranburuk gidatuta: Aissa Intxausti, Ane Labaka, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo eta Maialen Lujanbio. Jaialdia hasi baino lehen, 18:30ean, 2024ko Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Bigarren saioa ere NAEn izanen da, otsailaren 20an, ostegunarekin, 19:00etan, eta bertsolari hauek abestuko dute: Alaia Martin, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Sarai Robles eta Xabat Galletebeitia. Maialen Belarrak jarriko dizkie gaiak. Beste urteetan ez bezala, NAEko ekitaldiak doan izanen dira, eta sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte.
Historia, haurrendako lantegia eta bertso-afaria
Historiari ere eginen diote tokia aurtengo Bertsoaroan, Iruñeko Historia Bertsotan bertso-saio historikoa eginen baitute otsailaren 13an, ostegunarekin, eta sarrera librea izanen da. Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina bertsolariek abestuko dute. Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere han izanen da, historialaria baita.
Aurten ere eginen dute ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ haurrendako bertso-lantegia, otsailaren 21ean, ostiralarekin, 17:00etan, Iturramako Civivoxean. Lantegi hori 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta aurrez izena eman behar da parte hartu ahal izateko, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzita edo 948143747 telefonora deituta. Otsailaren 19an amaituko da izena emateko epea. Bittori Elizalde eta Endika Legarra arduratuko dira lantegiaz.
2025eko Bertsoaroa amaitzeko, bertso-afari bat eginen dute Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi bertsolariekin, eta Alaitz Rekondo arituko da gai-jartzaile. Interesa duen edonor joan daiteke afarira: Geltokin izanen da, otsailaren 27an, ostegunarekin, 20:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko, www.geltoki.red/eu/ webgunean, eta 32 euro balio dute.
2025EKO BERTSOAROA
-
Bertso Trama bertsolari gazteen saioa
-
Bertsolariak: Aitor Ugarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Araitz Katarain, Kattalin Lizarraga, Kattin Madariaga. Gai-jartzailea: Iratxe Legarra
-
Otsailak 4, asteartea. 19:00. Kondestable Civivoxa
-
-
I. Bertso-jaialdia
-
Bertsolariak: Aissa Intxausti, Ane Labaka, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Ander Aranburu
-
Otsailak 6, osteguna. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola *
-
18:30ean, 2024ko Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dituzte
-
-
Iruñeko Historia Bertsotan. Bertso-saio historikoa
-
Bertsolariak: Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina. Historialaria: Joseba Asiron. Aurkezlea: Ainhoa Larretxea
-
Otsailak 13, osteguna. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola *
-
-
II. Bertso-jaialdia
-
Bertsolariak: Alaia Martin, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Sarai Robles eta Xabat Galletebeitia. Gai-jartzailea: Maialen Belarra
-
Otsailak 20, osteguna. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola *
-
-
Bertso jasa, bat-bateko jolasa – Haurrendako bertso-lantegia
-
Nork emana: Bittori Elizalde eta Endika Legarra
-
Otsailak 21, ostirala. 17:00. Iturramako Civivoxa
-
8 eta 12 urte bitarteko haurrendako. Izena eman behar da otsailaren 19a baino lehen, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzita edo 948143747 telefonora deituta.
-
-
Bertso-afaria
-
Bertsolariak: Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Xabat Illarregi. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo
-
Otsailak 27, osteguna. 20:30. Geltoki.
-
Sarrerak: salgai dira dagoeneko, 32 euroan, www.geltoki.red/eu/ webgunean.
-
(*) Nafarroako Antzerki Eskolan eginen diren ekitaldietarako (otsailak 6, 13 eta 20) ez da izenik eman beharko, eta toki guztiak betetzen diren arte sartu ahal izanen da.