Honako hau aztertu du bere tesian: makalaren hondakinei nola eman beste balio bat intereseko konposatu kimikoak lortzeko
Maitane Maisterra Udi kimikariak zuhaitz honen zerrautsa eta azala aprobetxatzeko modua aztertzen du bere tesian
Maitane Maisterra Udi Kimikan lizentziatu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren INAMAT2 ikerketa-institutuan egin du tesia. Makalaren hondakinak (hain zuzen ere, zerrautsa eta azala) intereseko konposatu kimikoak lortzeko nola aprobetxatu daitezkeen ikertu du. Ikerketaren zuzendaria Alfonso Cornejo Ibergallartu izan da, INAMAT2ko ikertzailea eta Zientzien Saileko irakaslea.
Tesiaren egileak azaldu duenez, makala azkar hazten den zuhaitza da; beraz, gaur egun asko erabiltzen da egurraren industrian, eta hor sortzen dira aipatutako hondakinak, hau da, zerrautsa eta azala. Zerrautsak hiru konposatu ditu nagusiki: zelulosa (papergintzaren industrian erabiltzen da), hemizelulosa (azukreak) eta lignina (tesiaren ikergai nagusia). Oso molekula handia da, eta (bio)polimero deritzo. “Gaur egun petroliotik besterik lortzen ez diren konposatu aromatikoak lortzeko iturri berriztagarri nagusia da. Beraz, gaur egun hain beharrezkoak diren konposatu horiek lortzeko alternatiba bat izan daiteke”. Makalaren azalari dagokionez, medikuntzan izan dezakeen erabilera aztertu da, eta haren konposizioa aztertu da bi birus hauetan duen jarduera konprobatzeko: chikunguña (eltxo baten ziztadaren bidez transmititzen den birusa) eta I motako herpes sinplea.
Maitane Maisterrak dioenez, “emaitza onak lortu dira bi hondakinen kasuetan”. Alde batetik, badago zerrautsetik zenbait konposatu ateratzea, hala nola bioerregaiak, itsasgarriak eta balio kimikoko produktuak (azetosiringona eta propenilsiringola, besteak beste). Bestetik, azalaren azterketan emaitza positiboak lortu ziren I motako herpes sinplea tratatzeko.
Maitane Maisterraren CV laburra
Maitane Maisterra Udi (Zizur Nagusia, 1991) Kimikan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Kimikan eta Produktu Naturalen Farmazian espezializatu zen Salamancako Unibertsitatean (USAL) eta Bragançako Institutu Politeknikoan (IPB) egindako nazioarteko master batean.
Ikerketa-lerro nagusia produktu naturalen azterketan eta landare jatorriko hondakin industrialei beste erabilera bat ematean datza. Nafarroako Gobernuak zein espainiar estatuak finantzatutako zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du. Proiektu horien eta tesia egitearen ondorioz, zenbait artikulu argitaratu dira zenbait aldizkari zientifikotan.
Ibilbide zientifikoan zehar, ikerketa-egonaldiak egin ditu Bogotako (Kolonbia) Francisco José de Caldas Unibertsitateko Produktu Naturalen Ikerketa Taldean eta Cordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko José María Vanella Birologia Institutuan.
Irakaskuntzari dagokionez, gradu amaierako bi lan zuzendu ditu tesia egiten zuen bitartean. Halaber, kimikako praktiken irakaslea izan da hiru ikasturtetan.
Dibulgazio zientifikoan ere interesa izan du; izan ere, parte-hartzaile izan da “Tesiak 3 minutuan” ekimenean eta zientzietako graduetan emakume gazteak erakartzeko bultzatutako publizitate kanpaina batean (Nafarroako Gobernuarena). Halaber, NUPen Emakumea eta Zientzia Katedrarekin tailerrak eman ditu zenbait ikastetxetan.
Argazkia: Maitane Maisterra, NUPen.