Aurreko gertaera hura ikusita, amak eta biok erabaki genuen tresnatxo bat erosi beharko genuela, hurrengo batean, antzeko zerbait gertatuz gero, modu seguru eta eraginkorrago batez dei niezaion nire logelatik.
Pentsatu eta egin. Erositako delako tresna hark txirrin bat zeukan, eta, botoi hura sakatuz gero, beste gailu elektroniko sinple batek, doinu batzuk jotzen zituen ama zegoen lekuan, lehendabizi bat, gero beste bat, eta, hala, hurrenez hurren; nik uste dut, sei edo zazpi soinu ezberdin gutxienez jotzen zituela, denak ezagunak. Orain ez dut ongi gogoratzen, obra klasikoen ataltxo batzuk ote ziren ala bestelakoak, baina ezagunak behintzat bai, hori guztiz ziurra da, horretan ez dago inolako zalantzarik.
Honenbestez, ba, goiz batean, jaikitzen ari nintzenean, txirrina, badaezpada ere, aldean neukan, beti bezala, zer gerta ere, eta, halako maniobra batean, nola edo hala, nik huts egin eta laguntzaren premian gelditu nintzen altxatu ahal izateko. Gauzak hala, berehalaxe txirrina hartu eta jotzen hasi nintzen, ama etor zedin niri laguntzera; jo eta pixka batez itxaron egin nuen, baina ama ez zen agertu ni erreskatatzera. Bigarren doinua jo eta gauza bera gertatu zen. Eta halaxe jarraitu nuen, hurrenez hurren, doinu guztiak jotzen, haiek agortu arte. Orduan, berriz ere hasi nintzen doinu guztiak errepikatzen, banan-banan, aurreko moduan bezalaxe, denak bukatu arte. Ordurako ni nahiko aspertuta eta etsita nengoen, harik eta noizbait, eta bere kabuz, ama, halabeharrez, agertu zen arte.
-Egun on, Xanti! Ez al habil berandu samar gaur lanera joateko? -Hara bestea!, pentsatu nuen nik neure baitan-.
-Bai, berandu nabil, bai, baina begira, oreka galdu dut eta zu behar zintudan agontzeko; zergatik ez zara lehenago etorri?
-Hara! Eta zergatik ez didak deitu lehenago, ba? Ni egongelan egon nauk hire zain, denbora ematen!
-Lehenago deitu? Hamaika aldiz deitu dizut eta! Ez al duzu soinurik aditu?
-Soinuak? Bai, bai, bat baino gehiago entzun ditiat, gainera!; mordo handia!
-Eta zer egin duzu, ba, ez etortzeko nire bila?
-Zer egin dudan?, ba, kantatu, noski!
Pentsa dezagun une batez, doinu haiek, esate baterako, euskal kanta ezagunak zirela, bueno, ba, gure ama hantxe aritu omen zen abesten, egongelan, bera bakarrik eta patxada ederrean, konparazio batera: 1 “Pello Joxepe, tabernan dala, haur bat jaio da Larraulen…”; 2 “Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak, mendi tontor gainera…”; 3 “Bat bi hiru lau, bat bi hiru lau, bost sei zazpi…”; 4 “Aitorren hizkuntz zaharra nahi dugu zabaldu, munduaren aurrean gizonki azaldu,…” eta abar, eta abar.