ELORRI ZURIA, NOIZ ETA NOLA HARTU

Elorri zuria (Crataegus oxyacantha) lore zuriak dituen zuhaixka arantzatsua da, Rosaceae familiakoa. Loreak taldeka sortzen dira. “Peras de pájaro” deitzen zaien fruitu gorri txikiak ematen ditu. Gure inguruan landareari “manzanica de pastor” ere deitzen diogu.

Sendabelar hau tradizioz bihotz-erritmoa eta tentsio arteriala erregulatzeko erabili izan da; baita nerbioak lasaitzeko ere. Erlaxazioa errazten du eta lo hartzen laguntzen du.

Landareak arritmiei aurre egiteko eta bihotzaren funtzionamendua erregulatzeko gaitasuna du. Hori dela eta, bihotzeko zenbait alteraziorekin batera doazen antsietate eta estres kasuak tratatzeko balio du.

Elorri zuriaren zatirik erabiliena aireko zati osoa da, hau da, adarrak, loreak eta hostoak. Hala ere, sendagai gisa, zatirik eraginkorrenak loreetan eta fruituetan daude.

Bere osagai aktibo nagusiak flabonoideak eta proantozianidinak dira.

Medikamentuen Europako Agentziak (AMA), elorri zuria medikamentu tradizional gisa erabiltzeko onarturiko indikazioen artean bi nabarmentzen dira:

-Antsietate-koadro arinek eragindako aldi baterako bihotz-arazoak arintzeko erabiltzea (adibidez, taupadak edo bihotz-taupaden pertzepzioa), betiere beste patologia batzuk egotea baztertu ondoren.

-Indikatuta dago antsietate-sintomen aurrean eta lo hartzeko laguntza gisa.

Sendabelarra hartzeko moduari dagokionez (posologia), Medikamentuen Europako Agentziak hainbat dosi ezartzen ditu, honako hauen arabera:

-Prestatzeko moduaren araberakoa: infusioan, hautsean, estraktu lehorrean, estrakktu likidoan edo tinturan. Izan ere, merkatuan forma asko daude.

-Era berean, posologia indikazioaren araberakoa da. Hau da, antsietateak eragindako bihotzeko sintomak tratatzeko gomendaturiko dosia eta antsietatea tratatzeko zein lo hartzen laguntzeko gomendatutakoa desberdinak izango dira.

Beraz, galdetu beti farmazialariari.

Era berean, elorri zuria aho bidetik egun batzuk hartu ahal da; gomendagarriak dira 6 asteko tratamendu-pautak.

Bestalde, ez da beste medikamenturekiko elkarrekintzarik deskribatu. Hala ere, ez da gomendatzen heterosido kardiotonikoekin edo bentzodiazepinekin batera hartzea, espezialista baten kontrolpean hartzen direnean izan ezik.

Erreferentzia:

Espino albar, cuándo y cómo tomarlo. Tu Farmacéutico Informa. Ricardo Blanco Escudero Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko Sendabelarren Batzordeko kideak emandako bideo-aholkua. Farmazialarien Kontseilu Nagusiak egina eta Medicina TV-ek ekoiztuta, Arkopharmaren laguntzarekin. 2021/01/20.