Neguan gauzatzen diren ipuinei buruz ari naiz.
Amodioak galduko zaitu,
ohartarazi zuen amak Txanogorritxo.
Eta alaba, amodioa zer ote zen jakin ezinik,
beldurtuta,
bueltako bidean galdu zen.
Ipuin honek hala dio:
Nola edo hala hiria basamortu bilakatu zitzaigun.
***
Goibel
abiatzen zara
inperiotzat jo zenuen guztiaren hondarren artean.
***
Kondairaren atzealdean
eskua
jende artean galtzen duzu.
Esku hotza
zigarroari eutsita
esku ankerra
madarikatua.
Soka urdin baten gainean
oreka bila
mingainarekin elur malutak bildu
besterik ez duzu egiten
idazkeraren norgehiagokan.
***
OFF AHOTSA: Hurrengo gizakia erditze-deiadar luze baten ostean helduko da.
Pertsona guztiak ezin dira laztanduak izan.
Ukimena muga gorri bat da batzuetan.
Besteetan, ordea, ukiezinerako zubia.
Larruazala esatea
izenda ezina
hertsiz inguratzea da.
Larruazala hotsak hankak hazi ahala
zubiak irudikatuz bizi gara
etengabe luzatu eta bestearengana ailegatzearren.
Leihoak gereziak intxaurrak bailiran marratutako zubiak.