Tesi batek aztergai izan du nola ebaluatu behien metano-emisioak murriztera bideratutako elikadura-estrategien eraginkortasuna
Jagoba Rey Gotxi nekazaritzako ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du tesia
Jagoba Rey Gotxi nekazaritzako ingeniariak esne-behien metano-emisioak murrizteko nutrizio-estrategiak nola ebaluatu aztertu du bere tesian, Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendaturikoan (NUP). Izan ere, metanoak asko kutsatzen du atmosfera. Tesiaren tutore aritu dira José Antonio Mendizabal, Animalien Ekoizpenaren arloko NUPeko katedraduna, eta Aser García Rodríguez, Neiker Tecnaliako ikertzailea (Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea).
NUPeko doktore berriaren ikerlanaren helburuetako bat gas hori neurtzeko eskala handiko bi metodo ez-inbaditzaile konparatzea izan da: infragorri bidezko metano-analizatzaile ez-dispertsiboa (NDIR) eta laser bidezko metano-detektagailu eramangarria (LMD). Horrez gain, xedetzat izan du ezagutza zabaltzea kitosanoak metanogenesian eta errumeneko “in vivo” mikrobio-populazioetan duen jarduerari eta jarduteko moduari buruz (hau da, errumenean, hots, hausnarkarien esofagoaren konpartimentuetako batean, era naturalean gertatzen dena). Azkenik, hirugarren helburua izan da deskribatzea hotzean prentsatutako liho-opilezko dieta-osagarriek nolako efektuak dituzten ekoizpenari loturiko kontuetan, metanogenesian eta errumeneko “in vivo” mikrobio-populazioetan. Hau da doktoretza-tesiaren izenburua: Estrategias nutricionales para reducir las emisiones de metano de origen entérico en vacuno lechero: utilización del quitosano y la torta de lino prensada en frío (“Jatorri enterikoa duen metanoaren emisioak murrizteko nutrizio-estrategiak: kitosanoaren eta hotzean prentsatutako liho-opilaren erabilera”).
Metodoen konparaketa eta kitosanoaren eta liho-opilaren erabilera
Azaldu dugun lehenbiziko helbururako, hau da, metano-emisioak neurtzeko bi metodoren arteko konparazioa egiteko, Brown Swiss eta Holstein Friesian arrazetako 29 behi erabili ziren, Fraisoro nekazaritza-eskolakoak (Zizurkil, Gipuzkoa). Tesiaren bidez ondorioztatu denez, NDIR eta LMD metodoak ezin dira era berean erabili. “Bi metodoak elkarrekin erabiltzea interesgarria izaten ahal da hautaketa genetikoari edo emisio kutsatzaileak murrizteko estrategiei loturiko helburuetarako, baina soilik baldin eta desadostasun-iturriak identifikatu eta zuzentzen badira, subjektuen aldakortasun diferenteak baitituzte ondorio –subjektuen artean eta haien barrenean–”, adierazi du Jagoba Reyk.
Bigarren proban kitosanoa aztertu da (CHI) elikagai-osagarri moduan, abiapuntutzat harturik elementu horrek gaitasuna duela behien metano-emisioak murrizteko. Kasu honetan, 8 astean zehar, edoskitze-aldian zeuden 16 esne-behi erabili ziren, 2 proba-taldetan banatuak, eta haietako batean, elikagai-osagarri moduan, 135 mg kitosano eman zitzaien beren gorputzaren pisuaren kg bakoitzeko. Horren ondorioa izan da deskribaturiko osagarri horrek ez zuela animalien mikrobioen dentsitatea handitu, baina bai Anaeroplasmaren dentsitate erlatiboa (bakterio mota bat), eta gutxitu egin zituela errumeneko ziliatu eta protozooen dentsitatea –bi horiek modu batera edo bestera zuntza errumenean degradatzearekin daude lotuak–. Horrek guztiak errumeneko hartzidura aldatu zuen, zehazki propionatoaren proportzio handiagoak sortu baitziren (gantz azido mota bat), baina ez zuen aldaketarik eragin metanoaren emisioetan eta esnearen ekoizpenean eta osaeran. “Gehigarri horrek metano-inhibitzaile modura nolako potentziala duen ebaluatzeko, beharrezkoa litzateke beste ikerlan batzuk egitea dosi altuagoak erabiliz”, ondorioztatu du Jagoba Reyk.
Hirugarren kapituluan, nutrizio-proba bat egin zen, hotzean prentsaturiko liho-opil bat erabiliz esne-behien dietako lehengai modura. Proba hori ere Fraisoroko nekazaritza-eskolan egin zen, Brown Swiss eta Holstein Friesian arrazetako 16 behirekin, 56 egunean zehar. Kasu horren ondorioa hau izan da: behiei eman zitzaien kontzentratuaren % 13 hotzean prentsaturiko liho-opila izateak (eta ez palmiste-irina eta palma-gantz hidrogenatua) murriztu egin zuen errumeneko mikrobio-dibertsitatea, baina ez zion konkretuki mikrobio bati eragin. “Alabaina, kontzentratuan liho-opila sartzeak hartzidura-ibilbide efizienteagoetarako joera ekarri zuen, eta esnearen ekoizpena handitu zuen”, azaldu du tesiaren egileak. “Gainera, kontrol-dieta batekin alderatu eta ikusi zen metano gutxiago eta ahulagoa sortzen zutela Holstein Friesian arrazetako esne-behiek; Brown Swiss esne-behiek, ordea, ez”, adierazi du.
Jagoba Rey Gotxiren CV laburra
Jagoba Rey Gotxi nekazaritzako ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Enpresen Kudeaketako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria. Halaber, Ingurumen Agrobiologiako Masterra du Euskal Herriko Unibertsitatean.
Ikerketa-teknikari moduan egin izan du lan Neiker Tecnaliarentzat (Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), jasangarritasunaren eta kalitatearen arloko teknikari moduan Universal Beach Hotels enpresarentzat, eta ingeniari-lanetan aritu izan da Tragsaesc enpresarentzat, zehazki Europar Batasunaren Next Generation funtsak kudeatzen zenbait proiektutarako. Horrez gain, proiektuen kudeatzaile izana da Green Yatch enpresarentzat, eta kalitatearen arduraduna Imesazan; Indesarentzat ere lan egina da.
Nazioarteko lau argitalpenetan parte hartua da, eta hamar bat ekarpen ditu eginak estatuko eta nazioarteko biltzarretan. Horrez gain, irakaskuntza-lanetan ibili da NUPen.
Argazkia: Jagoba Rey Gotxi, NUPen.